Bilboko portua zaintzen, Galea auzoan (Getxo, Bizkaia), XVIII. mendeko gotorleku bat dago. 1947. urteaz geroztik ez du erabilera militarrik, baina bai bestelakorik ordea. Galea lurmuturretik barrena doan ibilaldiaren hasiera, esaterako, bertan dago. Eguerdi betean sartzeko ordubete falta da, eta, eguraldi grisa lagun, jendea pasealekutik bueltan dator. Plentzia eta Getxo itsasoz elkartzen dituen bide horrek jende ugari elkartzen du egunero, uda ala negu izan.
Etxebizitza bat eraikitzeko leku aparta da auzoa: lasaia da, eta portuari begira dago. Esan dezake inork Bilboko itsasadarraren ezkerreko aldea ez dela ikusmira polita, baina eskuin aldeko kostak badu xarmarik, gutxiago ustiatuta baitago; bertara joateko bidea Galea auzoan topa daiteke. Horregatik, ibilbidea hasi baino lehen, etxebizitza eta txalet andana ikusi ahal izango ditu oinezkoak. Udan, neguan ez bezala, kontraleihoak zabalik dauzkate etxebizitza horietako jabeek, oporretarako etxebizitzak direla adieraziz.
Naturarekin harremanetan
Behin urbanizatutako eremutik irtenda, txirrinduz eta oinez aurrera eta atzera dabilen jende andana ikus daiteke. Eguerdia inguratzen hasi da, eta bazkaldu aurreko paseoa ematen ari dira asko. «Euri ala eguzki, egunero etortzen naiz pasealeku honetara. Leku aparta da ibilalditxoa egiteko», dio Jose Antonio getxotarrak. Erretiratuta dago, eta medikuaren aholku jatorrari erantzunez, ohiko ibilaldia amaitzen ari da.
Itsasoa harro dago, eta euria ere ez dago oso urrun. Hala ere, pasealekutik ikus daitezkeen labarrak ez ditu inork galdu nahi. Harri baten gainean eserita dagoen emakume bati argazkia ateratzen ari zaio gizonezko bat, atzean amildegia ikus daitekeela. Bi haur aitarekin batera amildegitik behera begira ari dira, behean zer topatuko. Itsasoak gogor astintzen du kosta, ikusleen gozamenerako.
Haizearekin batera
Aldamenetik igaro zaizkie bi lagun korrika saioan. Kirola egiteko leku aproposa da Sopelaraino iristen den pasealekua. Baita golfa egiteko ere. Horregatik, Neguriko golf elkarteak bertan dauka golf zelaia, itsasoari begira. Oinezkoak berehala sumatuko du non dagoen, ongi zaindutako belardi horri berdetasun ezberdina nabari baitzaio lehen begiradan.
Gorrondatxeko hondartza da Getxoko basatiena. Belarra ia itsasertzeraino iristen da, eta inguruan ez dauka eraikinik. Biosfera hauskorra dauka, eta une honetan bertako baso igela berreskuratzeko lanetan ari dira zenbait erakunde eta elkarte, elkarlanean. Udan, jendez betetzen da hondartza, baina udako egun gris honetan gutxi batzuk inguratu dira bertako edertasunaz gozatzera. «Eguraldi honekin are ederragoa dago hondartza», dio horietako batek.
Hondartzaren goiko aldean, berriz, haizearen indarraz baliatzen ari da gazte bat. Aeroplano txiki bat aireratu berri du, bere denbora-pasa gogokoenean. «Haizea egiten duen aldiro, nire aeroplanoa hartu eta Gorrondatxeko hondartzaren gain honetara etortzen naiz», dio. Ordu pare bat egingo ditu aeroplanoa menderatzen.
Hondartza albo batera utzita, aurrerago, parapentean ibiltzen den kuadrilla falta da. Asteburuetan, haizeak laguntzen duenean bederen, parapentista ugari elkartzen dira Gorrondatxe eta Sopela artean dagoen labarrean, itsasoaren gainean hegan egiteko. Asteguna izaki, paisaiari elementu hori falta zaio.
Gorrondatxeko bunkerrak bertan jarraitzen du, ordea, bertako paisaiari fidel. 1936ko gerran eraiki zen, Bilboko burdinezko gerrikorako, eta bere horretan jarraitzen du, irmo eta sendo. Gaur egun zikin eta utzita dago, nahiz eta bertan zenbait proiektu egiteko egitasmoak izan ziren iraganean.
Bunkerrean eserita bikote bat dago, hormigoiak eskaintzen duen eserlekuaz baliatuta, itsasoari begira. Hortik Sopela gertu ikusten da. Oraindik ordu laurden inguruko ibilbidea falta da hara iristeko. Bidean dago Barinatxe hondartza. Urtero lasterketa nudista egiten da, eta urte osoan ere, nahi duen orok nudismoa egin ahal dezake. Egun gris honetan, jende gutxi dago, eta are gutxiago biluzik.
Udako plaza
Hiritik kanpoko lasaitasuna
Getxo eta Sopela artean pasealeku ederra dago itsasoaren bazterrean. Inguruko herritarrek askotan erabiltzen duten txokoa da, eta aisialdirako ere aukera apartak eskaintzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu