Juan Jose Unanue 'Goenatxo II.a'. Harri jasotzailea

«Hiru altxaldi emango dizkiot 200 kiloko harriari»

IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Plazaz plaza ibiliko da aurtengo udan ere Juan Jose Unanue Goenatxo II.a (Azkoitia, 1959), Euskal Herriko festak alaituz. Hemezortzi urte zituela hasi zen harri jasotzen, eta makina bat plazatan izan da dagoeneko. «Duela urte batzuk baino saio gutxiago» izaten direla dio, baina udan ia astero ditu ekitaldiak. Gaur bertan, Ermuko plazan izango da, Iñaki Perurena eta Josetxo Urrutiarekin batera, 12:30ean. Hiru harri eramango ditu emanaldirako, eta harrera ona espero du, «urteroko moduan».

Zer moduz doa uda? Plazaz plaza?

Ez pentsa. Lehen baino ekitaldi gutxiago izaten ditugu orain. Hemen ere nabaritzen da krisia. Dena den, udan emanaldi gehiago izaten ditugu beste sasoietan baino. Sanisidroetatik hasi eta sanpedroak arte, leku askotan izaten dira festak, eta ekitaldi asko izaten ditugu.

Ekitaldi gehiago bai, baina entrenamenduak ere gehiago egiten al dituzu udan?

Ez. Udan, normalean, ekitaldi gehiago eta entrenamendu gutxiago izaten dira. Urte osoan entrenatzen naizenaren erdia entrenatu ohi naiz.

Gaur Ermuko plazan izango zara, Iñaki Perurena eta Josetxo Urrutia harri jasotzaileekin batera. Zer egingo duzu?

200 kiloko harri errektangular bat eramango dut, eta hiru altxaldi emango dizkiot. Gero, 150 kiloko kubikoari zortzi edo bederatzi altxaldi ematen saiatuko naiz bi minutuan. Eta, azkenik, 100 kiloko bolari buelta batzuk emango dizkiot lepoaren inguruan. Horixe da pentsatua dudana.

Gehiagotan ere izan al zara Ermuan? Nolako giroa egoten da?

Bai, askotan izan naiz Ermuan, eta giro oso ona egoten da. Urte batzuetan egin dut kale, baina beste askotan han izan naiz. Hemezortzi urterekin hasi nintzen harria jasotzen, eta aurten 53 egingo ditut. Hortaz, pentsa zenbat plazatan izan naizen dagoeneko.

Eta, aurtengo saiorako, nolako harrera espero duzu?

Ez dakit. Iaz ez, aurreko urtean izan nintzen azkenengoz, eta pentsatzen dut harrera ona izango dugula, urteroko moduan.

Uda honetan non gehiago ikusiko zaitugu?

Bilboko Aste Nagusian izango naiz, esaterako. Han oso giro ona izaten da urtero. Laudion ere badut saioa. Egia esan, udan ia astero izaten ditut saioak, eta leku askotan izango naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.