Maratila
Hirugarren desertua
Michel Serres filosofoak (Agen 1930) prentsan agertu duen kronika (Sud-Ouest 2011/02/14) aipatu nahi nuke hemen: «Ene biziak hiru desertu ikusi ditu» –Ma vie a vu trois déserts. 1914-18ko gerlaren harategia, buxeria. Lehen desertua. Frantziako eta iparraldeko plaza eta xoko guzietan ageri gerla horren estigmatak. Haurtzaroan, aitak Garonne bazterretako lur abandonatuen eremu zabalak erakusten zizkion. Eta gurutze zurien lerro luzeak: gerlan hilak ziren nekazarien hilobien zerrendak. «Gehiago ez langilerik alorretan. Faborez, ministroen eta jeneralen heroismoa goraipatzen dizkizueten historia liburuak ez sinets. Goiti bota ezazue, hobe izanen da». Bigarren desertua 1939-45ko gerla bukatu ondoan sortu zen «iraultza berdearekin». Hamalauko gerlaren sarraskitik salbatu zen laborari mundua «gestio modernoak» likidatu zuen orduan. Nekazarien %1a gelditu zen zutik. «Laborari bakar bat baizik gelditzen zaien herriak ezagutzen ditut», dio. Hirugarren desertua: paisaiarena. Monolaborantzarena. Akabo alorretan zen landare aniztasuna: ogi landa, arto, lur sagar. Mahasti lerroz apaindu hesiak. Sagardi, udare eta gerezi ondo. Basa ihizientzat salbu uzten ziren eremuak. Ehiza garaiko. Fini. Onddoendako utzi xokoak. Fini. Hiriko jendeak «balantzeetako jendeak, botere jendeak» sudurra sartu du hor. «Kontabilitatean oreka lortu behar». Laster ibili behar. Mugak hautsi behar. Gestionatu behar. Beti. Guzia. Indusmakinek tontor guziak zelaitu behar. Konexioak egin behar. Gure hiri sartzeak Middle Westean bezalakoak. Gogaikarriak. Monotonoak. «Itsuskerietan espezialistak eta ezjakinak bezain harrokeriaz hanpatuak diren managerrek eta politikoek» lortu mundua. Hirugarren desertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu