Historian atzera, neanderthalekin eta dinosauroekin

Neanderthal gizakiari buruzko erakusketa bat eta dinosauroei buruzko beste bat irekiko dituzte Irunen

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Nolakoa zen Neanderthalgo gizakia?, nola bizi zen?, noiz bizi izan zen?, nola komunikatzen zen? Galdera horiek eta gehiago erantzungo ditu datozen egunetan Irungo Ficoban (Gipuzkoa) izango den Prehistoric Tour erakusketak. Familia osoarentzako prestatutako ekimena da, eta modu jostagarri eta pedagogiko batean neanderthalen garaira eramango ditu bisitariak. Larunbatean zabalduko dute.

Neanderthalgo gizakiak mamuten lepauztai eta defentsekin egindako etxean egingo die ongi etorria bisitariei, eta euren egunerokoa nolakoa zen erakutsiko die: jatekoa, ehiza, familia egitura, ohiturak, erritoak...

Horretaz gain, gizakiaren eboluzioaren etapa nagusiak ere erakutsiko dizkie, eta Neanderthalgo gizakia kate horretan non kokatzen den ere azalduko dute erakusketaren bitartez. Gizaki hura ondo ezagutzeko, gainontzeko espezieetatik bereizten dituen ezaugarriak zeintzuk diren jakin ahal izango da.

Hori guztia azaltzeko 1.300 metro koadroko agertoki bat prestatu dute, eta errealismo handiz osatutako eszenak eraiki dituzte bertan: neanderthalen herrixka bat, elur oreinen ehiza, hartzen aurkako borrokak, mamutak eta beste hainbat gune. Gainera, beirazko erakusleihoetan garaiko hainbat objektu jarri dituzte: hezurrak, garezurrak eta beste.

Dinosauroen maketak

Neanderthalen erakusketa ez ezik, dinosauroei buruzko beste erakusketa bat ere zabalduko dute larunbatean Irungo Ficoba erakustazokan.

Historiaurrera jauzi egiteko aukera emango dute tamaina errealeko Dinosauroen maketek: Tyrannosaurus rex, Stegosaurus, Velociraptor, Pteranodon...

Fosilak, eskeletoak eta garezurrak ere ikusi ahal izango dira erakusketa horretan.

Bi erakusketak batera zabalduko dituzte larunbatean, eta hilaren 25era arte egongo dira. Biak bisitatu nahi dituztenek bonua erosi ahal izango dute; salneurria bederatzi euro da helduentzat, eta, 3 eta 12 urteko haurrentzat, sei euro. 10:00etatik 20:00etara bitartean izango dira zabalik.

Bi horietaz gain, Human Bodies giza gorputzari buruzko erakusketaren azken egunak izango dira hurrengoak, hilaren 24an itxiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.