Arabako ipar-mendebaldean dago Artziniega, Aiaraldean, Salbada mendilerroaren babespean. Altxor ugari ezkutatzen dituen herria da. Alde zaharreko kale estuetan barrena, denboran atzera egingo du bisitariak Artziniegan. Hiribildua, jauregia, komentua, santutegia, dorretxeak... Historiaren arrastoa herrian txertatuta dago, eta orduko kultur ondareak gaurdaino iraun du.
Kantoi bidez lotutako hiru kalek osatzen dute Artziniegako hiribildua,1995ean Monumentu Historiko Multzo izendaturikoa. Ongi zaindutako alde zaharraren edertasunarekin «txundituta» geratu ohi dira bisitariak, herriko turismo bulegokoek adierazi dutenez. Hiribildua ez ezik, Artziniegara doanak estilo askotakobeste hainbat eraikin ere topatuko ditu bidean: Ortiz de Molinillo de Velascotarren dorretxea, Moja Agustindarren komentua eta udaletxea bera, esaterako. Erdigunetik gertu ere Arteako Andre Mari Santutegia ikusteko aukera dago.XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako jauregi barrokoak eta errenazentistak gaur egunera arte bere horretan gorde dira.
Bisitariak erruz aurkituko ditu arteaz gozatzeko guneak Artziniegan. Museo Etnografikoan, esaterako, eskualdeko biztanleen landako eta hiriko bizimodua nolakoa izan zen ikusteko aukera aparta dago. 1977an, herriko festak zirela eta, gazte talde batek antzinako gauzak bildu eta erakusketa antolatu zuen. Ekimen hark lorturiko arrakastak akuilu lana egin zuen aurrerantzean Artziniega inguruko lanbideekin zerikusia zuten piezen bilketa sistematikoa egiteko, eta erakusketa iraunkorra egiteko. Herritarren laguntzarekin, 1984an abian jarri zuten Etnografia museoa.
Horrez gain, beste bi museo ere bisitatu daitezke: Andre Mari Santutegiaren Arte Museoa eta Santxotena museo tailerra. Bakoitzak bere estilo eta eremuan, herriaren «erakargarri» bilakatu dira.
Naturaz eta kirolaz gozatzeko toki aparta ere bada Artziniega: txango luzeak egin daitezke oinez, bizikletaz edo zaldiz inguruko bideetatik. Izan ere, ingurutik ere paraje ederrak topatuko ditu bisitariak Artziniegara doanean. Aspertzeko betarik ez du izango, gainera, Gordeliz, Mendieta, Santa Coloma, Kexaa edota Sojogutiko monumentu historikoak bisitatuz.
Herriko jaiak irailaren hasieran ospatzen dituzte Artziniegan. Aparteko aipamena merezi du iraileko lehen igandean egiten den Antzinako Merkatuak. Egun horretan, bizilagunek Erdi Aroko arropak jantzi eta XV. mendean egiten ziren lanak erakusten dituzte. Bertako produktuak ere saltzen dituzte, tartean, herriko odolki famatuak.
Euskal Herriko txokoak. Artziniega
Historiaren gordeleku
Aiaraldeko herriak bere horretan gorde ditu gaur egunera arte Erdi Aroko hiribildua eta eraikin barroko eta errenazentistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu