Mendexako (Bizkaia) herrian dagoen Marierrota errota bisitatu ahal izango da aurrerantzean. Luzaroan ahaztuta egon den errota guztiz eraberritzea eta funtzionamenduan ipintzea lortu dute. XVI. mendean eraiki zuten errotaren bisitak denboran atzera egiteko abagunea eskaintzen du, errotak herriko ekonomian berebiziko garrantzia zuen garaietara. Lea ibaiaren bokalean kokatua dago interpretazio zentroa.
Bi atal nagusi hartzen ditu Marietrrotak. Batetik, mareen indarrak mugiarazten duen errota dago. 1980. urtetik aurrera guztiz galduta zegoen, eta pieza gehienak berriro eraiki behar izan dituzte errota martxan jartzeko. Bisitariek irina egiteko prozesua osorik ikusi ahalko dute. Kristalezko zoruari esker, urak harriaren errotazioa nola eragiten duen ere ikus ahal izango da.
Bestetik, errota kokaturiko eremuari balio berezia eman nahi izan diote, eta inguruko bioaniztasunari zuzendua dago interpretazio zentroa.
Errota bisitatzeko Lekeitioko turismo bulegora jo beharko da. Nahiz eta errota Mendexako lurretan egon, Marierrotaren kudeaketa Lekeitioko Udalaren esku geratuko da.
Bost euroren truke bisitatu ahal izango da Mendexako errota. Hamabi urtez azpikoek 3,5 euro ordaindu beharko dute. Bisiten ordutegia, informazio osagarria eta erreserbak egiteko www.faro-lekeitio.com webgunea bisita daiteke.
Gerizpean. Uda-pasa
Historiaz jabetzeko
Mendexako XVI. mendeko Marierrota errota eraberritu dute, eta bisita gidatuak antolatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu