Zer da kultura? Zer euskal kultura? Nork osatzen du? Eta nazioartea? Zer da? Nork osatzen du? Nafarroa sartzen al da nazioartean? Eta Bernart Etxepareren sorleku zena, Sarasketa? Zer esan nahi dute aitorpena hitzarekin? Eta nazioarteko aitorpenarekin? Zer da sustapena? Zer sustatzea? Zer da sustatu nahi dena? Hitzarmena behar al da horretarako?
ETB1, ETB2 edo ETB3 erabiliko da horretarako? Edo ETB4? Zein hizkuntzatan egingo da ahalegina? Zein hizkuntzatan ez? Zergatik batean bai? Zergatik bestean ez? Edo bietan? Maila berean jarriko al dute kultura aukera horien artean? Eta hizkuntza?
Euskal Herrian sustatzen al du kultura ETBk? Zer da euskal kultura ETBrentzat? Zenbat euskal kultura dago ETBren asteko programazioan? Zenbat atzerriko? Euskal kultura al da ETB2rena? Sustatu al daiteke euskal kultura euskaraz jakin gabe? Inoiz hartu al da halako erabakirik bestelako kultura bat munduan sustatzeko? Onartuko ote genuke halako normaltasunez?
Orain arte ez al da euskal kultura hedatzeko ahaleginik egin? Zer esan nahi du hemendik aurrera esapideak? Noiz hasiko dira horretan? Noiz arte egingo da ahalegina? Zer pentsatuko du iraganean horretan saiatu denak? Eta saiatu ez denari emango al dio zer pentsatua?
Zenbat diru bideratuko da horretara? Zein egitasmori estutuko diote gerrikoa diru hori bideratu ahal izateko? Irabaziak kulturara bideratuko al dira? Eta galerak? Kulturak dirua balio al du? Dirua behar al da kultura sustatzeko?
Erabakiak zenbat du erabakitik? Zenbat sinadura politikotik? Zenbat kultur ekimenetik? Politikak maite al du kultura? Eta kulturak politika? Edo politikak zein kultura eredu maite du? Eta kulturak zein politika? Ezkontzen direnean nork agintzen du gehiago?
Duela gutxi ezkorra naizela esan zidan gertuko batek. Agian, arrazoi du. Baliteke testu hau idazten neure buruarekin ozpinduta egotea. Denborak esango du egokiak ote diren egindako galderak. Beharrezkoak, behinik behin, badira. Maialen Lujanbiok 2006ko azaroan Argia-n argitaratutako kopletako bat mamu bihurtuko baitzaizkigu bestela. Beste gai bat zuen hizpide, baina baliagarria da oso gurera ekarrita: «Urrutiko intxaur hotsa/ herri gaztaina morkotsa.../ kanpoz moderno-nahiez jantzia, ta bere buruaz lotsa».
Ekografiak. Jokin Labaien
Hitzarmenaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu