Bazuen profezia puntu bat aurtengo Nafarroa Oinez-eko leloak. Hamaika 11n. Mezu hori hautatu zuten, eta bazuen bere arriskua. Bazegoen iragarpenetan huts egiteko aukera ere, baina ez zen halakorik gertatu. Eguraldi bikaina izan zen, eta bete-betean asmatu zuten esaldiarekin, azkenean. Jendetza bildu zen igandean Tafallan (Nafarroa) Garces de los Fayos ikastolak antolatutako festara. Iragarri eta bete. Milaka pertsona ibili zen oinez 2011ko jaian. Zenbaketa ere zailtzeko besteko jendetza. Hamaika pertsona, funtsean. Denak ikastolak DBHko ikasleentzako eraikin berri bat izan dezan laguntzeko prest. Ez zen lelokeria leloarena. Eguerdirako goizeko lainoa desagertua zen, eta eguzkia izan zen nagusi. Giro ona izan zen ibilbidearen 5,2 kilometroetan, eta arazo larririk ez. Hizkuntza bat oinez. Festa eta euskara, hasiera-hasieratik. Lau belaunalditako kide izan ziren irekiera ekitaldian. Jose Gorriz, 65 urtekoa, Duna Converse, 2 urtekoa, Julen Moral, 15ekoa eta Victoria Esquiroz, 45ekoa. Denak zirkuitua irekiko zuen zinta mozten, eta denak ikastolari lotutakoak. Haien inguruan ordezkaritza politiko eta kultural zabala. Euskal Herrikoak, eta baita kanpokoak ere. Galiziarrak, kasu.
Zizur Txikian hurrena
Nafarroako Gobernuko Roberto Jimenezena (PSN) izan zen goizeko anekdota. Egunez ez, baina nahasi egin zen hiriz eta ikastolaz. Hau zen esan nahi zuena: «Eskertzekoa da Tafallako Garces de los Fayos ikastolak egin duen antolaketa lana». Baina hau esan zuen: «Eskertzekoa da Tuterako Marques de los Fayos ikastolak egin duen antolaketa lana». Antolakuntzak, berriz, Nafarroako Herri Kirolen Federazioa eta AEK eskertu zituen, haien lana omenduz.
Ekitaldi ofizialez gain, festa. Familiak, nagusiki, lehen bi guneetan. Jauzi, irri eta jolas. Eta gazteak hirugarren eta laugarrenean. Bi horietan ziren Kerasy, Gatillazo, Stupenda Jones, Bizardunak eta Hesian taldeak, besteak beste, eta haiek ikusi nahi. Folka bosgarrenean. Baita Galiziatik heldutakoa ere. Jendetza guztietan eta bakoitzean. Antolatzaileen aurreikuspenak gainditzeraino. Bete egin ziren bazkaltzeko prestaturiko guneak, eta amaitu edari eta jatekoak gune bat baino gehiagotan. Zaila zen, izan ere, igandean bertaratuko zirenak hamaika izango zirela jakin arren, hain hamaika izango zirenik asmatzea.
Ilunabarra gero, eta akabo urtebeteko antolaketa lanak Tafallako ikastolarentzat. Garbiketaren tartea gero. Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak pasatu zien lekukoa Garces de los Fayos ikastolakoei, eta Zizur Txikiko San Fermin ikastolari pasatu diete haiek. San Fermin ikastola izango da, beraz, hurrengo urteko festa antolatuko duena. 2000. urtean antolatu zuten azkenekoz festa. Hamaika urteren ondoren berriz hartu dute lekukoa, 2012an ere egun betez, euskararen alde jendetza elkartzeko asmoz. Hamabian ere hamaika biltzeko gogoz.
Ezarian. Nafarroa Oinez
Hizkuntza bat oinez
Eguraldia alde izan dute Tafallan Nafarroa Oinez-en, eta jendetza bildu da ospatzera. Giro ona eta festa izan dira nagusiZizur Txikiko San Fermin ikastolak antolatuko du hurrengo urteko jaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu