Komunikazioa. Ekografiak

Hizkuntza lehia

Aritz Galarraga.
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Ez gara larunbatetik mugituko, oraingoz. Egun horretantxe bete zituen-eta 900 programa Mihiluze lehiaketak. Aitortuko dut: ez naiz bereziki lehiaketa zale, badakidan arren ikusle fin askoak biltzen dituztela. Izango da saria nork eramango duen ikusteko, izango da saria norberak eraman lezakeela sinesteko. Izan ere, lehia baliatzen duten saio horiek teleikuslea ere jartzen baitute bere buruarekin lehian, eta pantailan ari diren lehiakideen gainetik, eskuarki. Saria edonoren eskura dagoen ametsa dela sinetsarazten digute.

Baina Mihiluze-z ari ginen. 900 saio. Ez da broma, ez horixe. 2006. urtean asteroko programa moduan hasi, eta hurrengo sei denboraldiak eguneroko programa gisa eman ondoren bete zuen larunbatean zifra hori. Eta ez dut askotan ikusi, lehiaketekin dudan zera horregatik, tarteka inor ezaguna agertu denean baino ez —pentsa, Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako 2.000 lagun baino gehiago pasatu dira lehiaketatik; seguru denok izan dugula ezagunen bat—. Larunbatean bai ikusi nuen.

Saio berezia izan zen, gonbidatu bereziekin —Aitor Zubieta eta Aritz Laskurain pilotariak, Aitziber Garmendia eta Iban Garate aktoreak eta ETB1eko Gaur Egun albistegiko Xabier Usabiaga eta Amaia Cayero— eta helburu berezi batekin: Ez ahaztu alzheimerraz lemapean egingo den EITBko Maratoiarekin bat egin eta lehiakideek irabazitako dirua helburu horretara bideratu zen. Funtzionatzen duen formatua da Maratoia, hori ematen du, ez dakit jendea kontzientziatzeko; bai, behintzat, diru bilketarako. Hala bada, gaitz erdi.

Eta lehiaketez ari gara, baina lehiaketen azpisail gisa har genitzake hizkuntzaren inguruan ibiltzen diren Mihiluze gisako lehiaketak. Fenomeno hedatua da, ez da gurean gertatzen soilik. Gauza normala dira arriskuan dauden hizkuntza guztietan, gaztelaniaz, adibidez —La2 katekoak etortzen zaizkit gogora; gallifante mitiko haiek ahaztu gabe—. Balio dute hizkuntzarekin jolas egiteko, eskukatzeko, erabilera berriak ekartzeko. Eta Mihiluze-n ere bada bete-betean horretarako den probarik: Tribuaren berbak, Esamesak, Potokumeak edo lehiaketa ixten duen Zer da zer? izenekoa. Kontua da hizkuntza lehengai dutenei ere gailentzen zaiela lehiaketa ikuspegia, balantza beti erortzen zaidala alde hartara. Bestela izan daitekeen ez dakit, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.