Hizkuntzaz eta artez

Hogeita hamar artistaren lanak biltzen dituen erakusketa bat prestatu dute aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileek Bilbon, Trapagarango Itxaropena ikastola laguntzeko.

Inigo Astiz
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Eskutik doaz asmo artistikoak eta asmo sozialak kasu honetan. Norabide berean. Ezin zehaztu zein izan den egitasmoaren parte den obra bakoitzaren lehen bultzada artistikoa, baina argia da guztien azken helburua: euskara bultzatzea. Trapagaranen (Bizkaia) dagoen Itxaropena ikastolak antolatuko du aurtengo Ibilaldia festa, eta hura laguntzeko antolatu dute orain Bilbon IbilArte izeneko arte egitasmoa. Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia, eta Bilboko Harrobi fundazioaren erakusketa aretoan egongo da hogeita hamar artistak utzitako lanak biltzen dituen bilduma. Haietakoren bat salduz gero, ikastolari bideratuko zaio jasotako diruaren erdia. Hilabete bukaerara arte izango da zabalik. Geldi, bai, baina baita euskararen aldeko ibilaldian ere.

«Hemen maila oneko jendea dago gero!», azaldu du Carlos Campo artistak. Lau urte daramatza egitasmoarekin kolaboratzen, baina, hala ere, harridura moduko bat suma liteke haren hitzetan. «Oso erakusketa polita da, eta aretoa ere ederra da. Handia. Perfektua. Aukera polita da sortzaileontzat, gure lana erakutsi ahal izateko, eta, gainera, koadroren bat saltzea lortuz gero, ikastolak laguntzeko aukera ere badugu».

Taldetxoa dira jadanik erakusketan parte hartzen dutenak, dioenez, eta izen ezagunak dira erakusketan parte hartzen duten askorenak: Jesus Mari Lazkano, Javier Riaño, Carmen Olabarri, Iñaki Garcia Erguin, Begoña Zubero, Xabier Morras... Aurrez ere IbilArte egitasmoarekin kolaboratutakoak dira gehienak, baina beti izen bera izan arren, ezberdina izaten da urtero emaitza; bakana, aldi oro. Pintura da nagusi aurten, baina badira eskultura eta argazkiak ere. Figuraziozko lan nahiko dago bilduman, baina baita abstrakzioa lantzen duten hainbat koadro ere. Eta bi ildoen arteko zubi lanean-edo Iñaki Garcia Erguinen Toledoko katedrala ageri duen koadroa.

Ibilaldi bat da erakusketaren proposamena ere. Urratsez urratseko bisita bat. Gustavo izeneko altzairuz osatutako eskultura atsegina, Ana Riaño artista bilbotarrak egindako zuri-beltzezko erretratu gordina, Andoni Gangoitiren zurezko eskultura leun eta bihurria, Mikeldi Donibanek egindako argazkien bilduma, Ramon Perezen korrika dabilen txakurraren irudi ederrak...

Salmenten gorabeherak

2002an sortu zen egitasmoa, eta urtero egin dituzte erakusketak. Iaz Ondarroan egin zuten Ibilaldia, eta artista bakoitzari txalupa txiki bat eman zioten antolatzaileek, bakoitzak nahi eran molda zezan. Aurten, ordea, Trapagarango Itxaropena ikastolak hartuko du jaialdia, eta ohiko erakusketa formatura itzultzea erabaki dute. DBH hartu ahal izateko eraikina sortzen laguntzeko dirua biltzea da asmoa, eta horregatik daude salmentan bildumako piezak. Gari Meabe Ibilaldiko koordinatzaileak azaldu duenez, ordea, ez da hori beti lan erraza izaten. Krisialdi ekonomikoak izan du eraginik IbilArteren salmenta kopuruetan. Irabazi handirik ezomen da izan azken aldietan, baina egitasmoari eustea erabaki dute, hala ere. «Pentsatzen dugu etorriko direla urte onak ere. Ea zerbait lortzen dugun aurten».

Ez da erakusketa Itxaropena ikastolako kideek antolatu duten ekintza artistiko bakarra. IbilArte Txiki izeneko lehiaketa ere sortu dute ume eta gazteentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.