Komunikazioa

Hobe bitan, batean baino

News Corporation komunikazio talde erraldoiak bitan banatzea erabaki du. Konpainia batean entretenimendua eta ikus-entzunezkoak barneratuko dira, eta bestean, prentsa idatzia.

urtzi urkizu
Donostia
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ekonomia albisteetan, banku onak eta banku txarrak bereizten ari dira azkenaldian. Banku txarretako aktibo toxikoen salerosketarekin, kantuka eta kontuka ari dira adituak. Komunikazio munduan, bereizketa horren tankerako adibide bat agertu da egunotan. News Corporation komunikazio talde erraldoia bi konpainiatan banatuko da: entretenimenduaren negozioari dagokiona —etekinak ematen dituena— eta prentsa idatziarena —epe laburrean galerak izan ditzakeena—. Taldeko egunkarien irabaziak %43 jaitsi dira azken urtean.

Arrazoia ez da bakarrik ekonomikoa. Nahiz eta Rupert Murdoch taldearen jabea urte luzez erabaki horren kontra egon den, News of the World egunkari sensazionalistaren eskandaluak eta itxierak ondorio garrantzitsuak ekarri dizkio taldeari.

Australian, Erresuma Batuan, Papua-Ginea Berrian eta AEBetan ditu egunkariak News Corporationek. GarrantzitsuenakErresuma Batuko The Times eta AEBetakoThe Wall Street Journal dira. Atzean utzi nahi dute News of the World-eko aferak taldeari eman dion ospe txarra —bere garaian, 2,8 milioi ale saltzen zituen kazeta horrek—. Legez kanpoko entzuketa telefonikoen eskandaluaren ostean,iazko uztailean itxi zuten igandeetan argitaratzen zen kazeta hori. Kazetarietako batzuk epaitu egin zituzten, eta hainbat arduradunek kargua utzi zuten.

Entretenimendu eta ikus-entzunezkoen alorrean, News Corporationek zinema estudioak, albiste kateak eta kable bidezkoak dauzka AEBetan. Fox kateak, esate baterako, indar handia du: Fringe, 24, House eta The OC telesail arrakastatsuak izan ditu azken urteotan, eta urtero SuperBowl emititzen du.

Taldearen irabazien %90 zineman eta telebistako negoziotik datoz. Eta News Corporationek bere egitura aldatuko zuela zabaldu zenetik, New Yorkeko Nasdaq-en haren akzioak %11 igo dira.

Taldeko ordezkariek atzo azaldu zutenez, onura hauek ekarriko ditu banaketak: «Enpresa bakoitzak bere estrategia berezituei lehentasuna eman ahalko die, epe luzera bere indarra baliatuz; lanerako eta finantzetarako malgutasun handiagoa izango du enpresa bakoitzak lehiarako; bakoitzak bizkorrago erantzun ahalko dio ziztu bizian garatzen ari den teknologiari; eta bakoitzak bere kapitala egokitu eta baliabideak kudeatzeko aukera gehiago izango du».

Nahiz eta News Corporationeko administrazio kontseiluak banaketaren erabakia onartu duen, prozesuak luze jo dezake. Ia urtebete pasa daiteke praktikan taldea bitan banatu arte. Rupert Murdoch News Corporationeko jabeak adierazi du lan asko dutela egiteko: «Baina iruditzen zaigu egitura berriarekin enpresa bakoitzaren eta bere mendekoen ahalmena indartu egingo dela. Eta, bide batez, akziodunen balorea epe luzera handituko dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.