Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Homeopatia, frogatzeko bidean?

Koldo Nuñez Betelu.
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Neguan gaude, eta oso ohikoa da garai hauetan gaixotzea. Gure arteko gehienok katarroak, gripeak eta antzekoak pairatzen ari gara. Nik neuk, urrun joan gabe, ospitalera eraman ninduen bronkitis bat jasan nuen Eguberrietan. Horrelakoekin nagusiak gaixotzen garen gehienetan ez gara gehiegi larritzen, baina beste kontu bat da umeak direnean gaixo jartzen direnak. Eta, jakina, haurrak zenbat eta gazteago, eta gurasoek zenbat eta eskarmentu gutxiago, larridura are eta handiagoa da. Nahikoa da sukar pixka batekin esnatzea umea, gurasoak urduri jartzen hasteko. Ume txikiak dauden etxeetan mirarizko Apiretal ezaguna egon ohi da, eta berehala ematen zaio umeari sukarra jaitsarazteko. Eta ez bada jaisten, korrika medikuarengana edo ospitaleko larrialdietara, nahiz eta sukarra handiegia ez izan. Larridurazko jarrera hauei sukar-fobia esaten omen zaie, eta, medikuen arabera, gero eta gehiago gertatzen dira gure artean, gure arteko askok pentsatzen hasten garelako sukarra gaixotasun gaizto baten adierazlea izan daitekeela. Baina sukarra, berez, ez da gaiztoa, gaixotasun baten sintoma baizik, eta gehien-gehienetan laguntzen dio gorputzari gaixotasuna gainditzen. Soilik oso altua denean sor ditzake sukarrak arazoak. Bestela, ahal den neurrian, hobe da bere lana egiten uztea.

Sukarraren eta gaixotasun txiki askoren aurrean badugu, gainera, ohiko botika komertzialak hartu beharrean, beste bide naturalago batzuk, botikek dauzkaten albo-ondorioak saihestu ahal izateko. Hauen artean botika homeopatikoak daude. Hego Euskal Herrian ez dira Iparraldean bezainbeste erabiltzen, baina, hala ere, erabilera poliki-poliki joan da areagotzen. Herri garatu askotan milioika lagunek hartzen dituzte, eta Estatuak berak prezioaren zati bat ordaintzen du, botika komertzialekin egiten duen bezalaxe. Hala ere, oso eztabaidatua da sendagai homeopatikoen eragina plazebo-efektuari esker ote den ala ez. Horrela balitz ere, gaitz erdi, albo-ondoriorik ez baitute. Izan ere, homeopatiaren oinarrian zenbait gairen disoluzioa dago, baina hainbat aldiz disolbatzen da gaia uretan eta azkenean molekula bakar bat ere ezin da geratu. Hortaz, nola funtziona dezake homeopatiak? Urak gorde ahal du bertan disolbatuta egon denaren memoria? Hortxe koska.

Honekin oraindik loturarik bilatu ez zaion ikerketa batek hautsak harrotu berri ditu zientziaren komunitatean. Lanak ondoko galdera egin du: DNA telegarraia daiteke? Inork ez lioke horrelako lan bati inolako jaramonik egingo lanaren egilea Luc Montagnier zientzialari frantsesa ez balitz. 2008an irabazi zuen hark Medikuntzako Nobel saria hiesaren birusa aurkitzeagatik. Orain egiten ari den ikerketa honetan Montagnierrek dio baldintza jakin batzuetan DNAk bere kopiak proiekta ditzakeela uhin elektromagnetikoen bidez. Uhin hauek «bildu» eta «gorde» daitezke ur puruan eta efektu kuantiko batzuei esker uretan bertan jatorrizko DNAren nanoegiturak sortu. Gainera, ur horretan entzima erreplikatzaileak gehitzen badira, hauek birsor dezakete DNA telegarraiatutako egituretan oinarrituta, jatorrizkoa bertan balego bezala. Hori horrela dela frogatuko balitz, biologian lehenengo aldia litzateke, eta oso ikerketa-esparru zabala abiatuko luke. Izan ere, Fisikaren teleportazio kuantikoaren baliokidea izango litzateke. Teknika honen bidez, partikula azpiatomikoek euren egoera eta ezaugarriak bat-batean transmiti diezaiekete beraiekin elkartuta dauden beste partikula batzuei.

Montagnierren ikerketa hauen emaitzak oraindik frogatzeko daude eta zalantza handiak sortu dituzte. Ez dakit mekanismo hau ote den homeopatiaren oinarrian dagoena, baina agian horrela da eta, hala balitz, behin betiko frogatuko litzateke sendagai homeopatikoen oinarri zientifikoa. Horrela frogatu edo beste modu batera egin, nik erabat sinisten dut homeopatiaren eraginean gaixotasunak sendatzeko. Nik neuk hartzen dut eta nire umeei betidanik eman izan diet eta segituko dut egiten, zalantzarik ez daukadalako hauek duten sendatzeko ahalmenaren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.