Eudald Carbonell i Roura. Atapuercako zuzendarikidea

«Hominidoen eboluzioaren egitura ez da dogma bat»

xabier martin
2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
1980ko hamarkadan iritsi zen Atapuercara; 1991tik hango zuzendari kide da. Eudald Carbonellen (Girona, Katalunia, 1953) ekarpena ezinbestekoa da giza eboluzioa ulertzeko.

Zer-nolako kanpaina izan da aurtengoa?

Aurkikuntza esanguratsuen aldi batean sartu gara. Gauza handiak espero ditugu hainbat indusketa mailatatik, eta haietan sartu gara aurten jadanik; iraganeko aurkikuntzen parekoak izango direla uste dugu. Diru iturriak ez badira agortzen, petrolio asko dugu hemen ateratzeko oraindik.

Atapuerca erreferente da munduan. Haatik, berriki zalantzak azaldu ditu hainbatek datazioak direla-eta...

Eztabaida zientifikoa aberasgarria da, eta Hezurren Leizeari buruz dagoen eztabaida oso interesgarria da. Datazioak behin eta berriro egin ditugu, egungo teknologia berrienekin, eta horrek ez dauka itzulbiderik.

Hominidoen zuhaitz genealogikoa sarri aldatu behar izan duzue aurkikuntza berriei lekua egiteko…

Hori da zientzia. Hominidoen eboluzioaren egitura ez da dogma bat, aldatzen ari den zerbait baizik. Atapuercan aurkitzen ari garena ehun urte barru izango da benetan garrantzitsua.

H. sapiens eta H. neanderthalensis-ekin H. antecessor-ek duen ahaidetasun maila ere ez dago garbi.

Argia da H. antecessor beste bien aurrekoa dela. Afrikako sapiens-en eta hala neanderthalensis nola heidelbergensis-en ezaugarriak ditu. Baina eztabaida bizirik dago: Jose Maria Bermudez de Castrok uste du H. antecessor adar bakarra dela, irtenbiderik gabekoa.

Eta 1,3 milioi urtetan datatu duzuen masailezurra?

Ez da antecessor bat. Homo erectus bat izango ote da? Ez dakigu; burezur oso bat edo burezur asko aurkituko bagenitu, argiago ikusiko genuke, baina hain da zaila hori… Jokoa zabalik da, eta horregatik esaten diogu Homo sp.

Beharbada, arazoa da joko hori soilik Atapuercan jokatzen ari dela, ezta?

Nahiago genuke Elefantearen beste leize bat aurkituko balute inon, beste Dolina Handi bat, gure aurkikuntzak hain harrigarriak izaki, beste leku batzuetan kontrastatu ahal izateko. Baina ez da horrela. Atapuerca miraria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.