Euskadi Dastatu pintxo lehiaketak Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxeko auditorium berria inauguratuko du, han jokatuko baita Euskal Herriko seigarren pintxo txapelketa. Urriaren 3tik 5era bitartean izango da.
Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko pintxoek parte hartuko dute lehiaketan. Aurten, gainera, tradiziozko pintxoei arreta berezia jarri nahi diete antolatzaileek, eta, horretarako, sari berezi bat prestatu dute. Tradiziozko kontzeptua ongien islatzen duen pintxoarentzat izango da.
Sari ugari izango dira, hala ere, lehiaketan. Eusko Jaurlaritzak eta La Bacaladerak eskainitakoa, sari nagusia, 3.000 eurokoa izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiak emango duena, 2.000 eurokoa, eta hirugarren sailkatuarentzat Hondarribiko Udalak 1.000 euro emango ditu. Bestelako sari berezi batzuk ere egongo dira.
Irabazleak, gainera, Ramon Rotetak egindako eskultura bat jasoko du. Hondarribiko sortzaileak bereziki txapelketarako trofeo bat sortu du, eta hemendik aurrera lehiaketako irabazleek eskuratuko dute.
Hitzaldiak
Lehiaketaren ondoren, Hondarribiko Ostalaritza Elkarteak eta babesleek pintxo txapelketan parte hartuko duten lan guztiak liburu batean bilduko dituzte, eta 30 eurotan salduko dute. Bestalde, aurreko urteko lehiaketako liburua bertsio elektronikoan argitaratuko dute, hiru hizkuntzatan: euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz.
Pintxo lehiaketaz gain, ekitaldiaren egunetarako dibulgazioko egitarau bat prestatu dute; gastronomiarekin zerikusia duten hiru hitzaldi emango dituzte Itsas Etxeko auditoriumean bertan: Zeliakoak, sukaldaritza eta gastronomia, Euskadiko zeliakoen elkartearekin lankidetzan; Gastronomia alorrean Jabetza Intelektuala hitzaldia egingo du Bilboko Pe entrepise enpresak; eta Gizarte sareak eta blogak. Interneten dugun agerpena emango du Comunitac enpre-sak.
Hondarribiko Itsas Etxeko auditorium berrian izango da pintxo lehiaketa
Ramon Rotetak Euskadi Dastatu ekitaldirako bereziki diseinatu du irabazleek jasoko duten trofeoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu