Lapurdiko hondartzetan uda giroa nabaritzen hasia da pixkana, hondartzen zaintzearen abiatzearekin batera. Donibane Lohizuneko hondartza izan da lehena, apirila bukaeratik, itsasozainak jartzen asteburuetan. Gaurtik aitzina, berriz, egun guzietako zaintzak ezartzera iraganen dira Donibane Lohizune eta Angeluko hondartza nagusietan.
Uda laster hemen izanen dela nabaria da. Eguzkia eta giro epela nagusi dira, eta, Lapurdiko kostaldean, hondartza gehienak jada udako aroarentzat prest daude. Alabaina, uda oraino ez dela iritsi ere nabarmena da. Denbora libreaz gozatzeko parada dutenek, eguerdiko pausa hondartzan iragatea erabaki dutenek edo oporrak lehenago hartu dituztenek hondartza zabal eta espaziodunaz gozatzeko aukera izan zuten atzo Donibane Lohizunen, uda aldeko eromenaz urruti. Izan ere, Donibane Lohizunen neguan 13.500 biztanle inguru izaten dira, eta uda aldean, berriz, 80.000 pertsona. «Nahiago izaten ditugu oporrak orain hartu eta jende gutxiago dagoen garai honetan etorri. Ez du zerikusirik, egiazko lasaitasuna aurkitzen duzu», erran du hondartza ondoan paseatzen ari den Natasha Fairo paristarrak.
Kilometro bat eta erdi pasako luzera duen hondartza osoan, lau pertsona ausartu dira 16 graduko uretan bainua hartzera; batzuk, di-da, eta besteak, poliki-poliki ureratu dira. Ur ertzean paseatzen ari direnak ere ez dira anitz. Alabaina, hare gainean jende dezente ikus daiteke eguerdiko eguzki izpiez gozatzen. Batzuk eskolarekin egin ateraldiaren kari bertaratutakoak, jolas eta jolas ari dira. Gehiengoak, berriz, bakarrik, lasai-lasai egoteko hautua egindakoak dira, liburu, egunkari edo denbora-pasa bat eskuetan dutela.
Hondartza ertzeko denden gehienak, negu aroa itxirik iragan ondotik,zabal-zabalik ikus daitezke, bainujantzi, krema, baloiak... salgai ezarri dituztela. Donibane Lohizuneko izozki dendarik zaharrenak ere ez dio hutsik egin, urtero legez, itsasertzeko pasealekuan kamioneta ezartzeari. «Jende gutxi dabil oraino herritik, sentitzen da eguzki izpiak atera berri direla, uda aro hasiera-hasieran gaudela», erran du Lopez izozki dendako langileak. Hondartza bertan, berriz, itsasoan murgiltzeko parada ematen duen itsasontzia martxan ezarri dute jada. Donibane Lohizuneko zaldien itsas harresitik abiatu, Ziburun gelditu eta Zokoa arte joaten den itsasontzia da.
Hondartzen pixkanakako irekitzeak
Lapurdi kostaldeko hondartzen irekitze ofiziala herriz herri egiten den urratsa da. Bakoitza, bere aldian, egokia iruditzen zaionean. Hala bada, Donibane Lohizune eta Angeluko hondartza nagusietan zaindarien eguneroko egonaldia gaurtik abian eman izanagatik, ez da beste hondartza nagusien kasua izan. Miarritzeko hondartza nagusian ekainaren 9tik goiti izanen dira egunero itsasozainak; Hendaian, ekainaren 15tik aitzina. Bidarten oraingoz, asteburuetako zaintzak emanen dituzte abian, eta ekainaren 30tik goiti, egunerokoak.
Bizkaian eta Gipuzkoan ere atzo zabaldu zuten hondartzen denboraldia. Ia hondartza guztietako ura egokia da bainua hartzeko.
Plaza giro
Hondartzetan, uda giroa
Lapurdiko kostaldeko hondartzen irekitzea pixkanaka aitzina doa. Uda giroa nabaritzen hasia da itsasertzean, baina lasaitasuna nagusi da oraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu