Maratila

'Hosto beltza'

Aurelia Arkotxa.
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Bero. Zerua azul dirdiratsu. Itsasoa blu marinakoa. Uda iduri, bizkitartean ez, uda joana baitzaigu ihes. Zerua egunero goizago zaigu iluntzen. Gauak zaizkigu gero eta gehiago luzatzen ari. Arbolen hostoak ja horitzen hasiak. Urriko denbora. Gure baratzeko kakiondoaren fruituak borobilduak. Kakien berde muskerra laranjatzen hasia. Irailaren 23an udazkenean ginen sartu. Kalendreraren arabera. Ohartua ote zara eguzkia ja zeharka badabilela kurri zeruan? Lehen baino apalago, hitsago dela? Eguzki izpiek eztiago dizutela ferekatzen larrua? Eta itsasoan pulunpatzen zarelarik, lehen ez bezala orain tenperatura hotzagoak sesitzen zaituela. Nahiz beroak udakoa iduri... Ohartu ote zara hondartzako legarra ere aldatzen ari zaizula aztalpean? Lehen baino hotzago dela? Gauek, nahiz eztiak eta garbiak izan, ez dutela udan zuten izartegia? Hotxagoak direla gauak? Zazpi izarrak neguko lekura hurbiltzen ari direla? Laster gure etxeko atari gainera helduko dira. Ipar ekialdera. Esther mintzo zait aspaldiko larrazkenez: «Uda indiarra-z aritzen dira orain. Alta, lehen San Migeleko udaz ziren aritzen, edo San Martineko udaz… Goizenik ontzen diren gaztainak sanmigelak dira. Murkutsa da erortzen ondua delarik, bere gaztain-pikorrak agertuz. Omen ja onduak direla eta lurrera eroriak. Aldatzen ari baitzaizkigu sasoinak. Berantago, bertze gaztain mota bat heltzen da, gorristagoa hura, xerto gorria deitua. Eta azkenik heldu dena, berantago ontzen den hosto beltza. Berdin deitzen zaiolarik arbolari eta gaztain pikorrari. Errepide bazterretarik, urrunean, ikusten dira hosto beltzak. Ilunagoa baitute hostoa. Arbola ederrak. Eta erne daude urtxintxak. Gaztainez, urrez, giltxaurrez..... Beren almazenen betetzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.