Sarai Martin. Genero arduraduna Felix Baltistan Fundazioan

«Hushen emakumearen errealitatea gogorra da»

2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Apirila eta maiatza Pakistan iparraldeko Hushe haranean eta, bereziki, Matxulu herrian eman ditu Sarai Martin Felix-Baltistan Fundazioko (FBF) genero arduradunak. Hango emakumeen egoera oso gogorra dela dio: eguna lanean ematen dute, ikasteko aukerarik ez dute, gazte ezkontzen dira, eta haurdunaldiaren ondoren, maiz, bizia galtzen dute. Husheko emakumeen egoera hobetzeko hainbat ekimen abiatu ditu Fundazioak. Emakumeek sortu dituzten jarduerak bultzatzeko tenorea iritsi dela dio Martinek. Lanarekin jarraitzeko, irailean itzuliko da berriro Pakistanera.

Zein da emakumeen egoera Hushen?

Emakumearen errealitatea gogorra da. Oztopoz beteriko bizitza daramate, eta ezin dute aurrera egin haien autonomia eta heziketan. Goizeko lauetan altxatu, eta gaueko hamarrak edo hamaikak arte lanean aritzen dira. Amaierarik gabeko atazak dituzte: familiaren zaintza, etxeko lanak (sukalden aritzeko, egur eta ur bila joan behar izaten dute; errekan garbiketak egiten dituzte; jakiak lortu...) eta landako lanak ere bai. Ordu asko ematen dituzte garia ereiten eta uzta biltzen. Finean, familiaz eta nekazaritzako mantentze lanez arduratzen dira. Duten lan kargak ez die beren buruaz arduratzeko astirik uzten, eta osasun arazo handiak dituzte. Emakumeek gizonezkoen baino lan karga handiagoa dute. Asko gazte ezkontzen dira eta eskola utzi behar izaten dute. Ama eta emazte lanak egin behar izaten dituzte oraindik oso gazteak badira ere. Ez dute komunitatearen bizitzan parte hartzeko aukerarik ez eta gizonezkoen aukera berdinak izateko baliabiderik.

Haranean bizi diren herrietako 31 emakumez osatutako lantaldea sortu da. Zertarako?

Emakumeek duten lan kargaz eta ardurez gain, garapenerako bidea bultzatu nahi dute. Komunitate bakoitzean pisua duten bi-hiru emakumek elkar ezagutu dute, eta haien artean harremanetan jarri dira. Amen eta haurren osasuna, emakumeak gaitzeko zentroa, hezkuntza edo garraioa lehen mailako beharrak dira. Helburua giza garapen iraunkorraren eredua lortzea da, eta hasieratik emakumeen beharrak eta ikuspuntuak zeintzuk diren aztertzea. Orain urte batzuk emakumeekin hasitako ekintzak finkatu eta sendotu egin dira, eta forma hartu dute. Esperientzia honekin, haraneko emakumeak herritarrak direla sentitzen hasiak dira, eskubideak dituztela eta ez direla garapenaren izaki pasiboak. Haraneko komunitate ugaritan egin diren bileretan emakumeen parte hartze handia izan da.

Behar handiena osasun zerbitzuak hobetzea dela diote emakumeek. Zein da egungo egoera?

Haranean, emakumeen osasun arazoak ugariak dira: haurdunaldian, erditzean, eta baita ondoren ere. Haurra jaio ostean, emakume asko hil egiten da, burdina falta duelako; baita bestelako gaixotasunen ondorioz ere. Haurdun dauden emakumeak ez dira aintzat hartzen, eta, ondorioz, ni han izan nintzen bitartean bi emakume hil ziren. Erditzeak artatzeko emagin bakarra dute haranean, baina ez du trebakuntzarik. Emakumeek etxean erditzen dute, elkarri lagunduz, eta hori oso arriskutsua da. Bestalde, ez dute dieta orekatu bat, eta elikatze arazoak dituzte.

Hezkuntza falta ere aipatzen dute. Zer egiten da analfabetismoa murrizteko?

Matxulu herrian adibidez, lau emakumetik hiru analfabetoak dira, eskolagabeak; gizonen kasuan, berriz, bostetik bi. Askotan, 15 urteko neska gaztetxoak familiak ezkontzen ditu, eta emakume helduen zereginak hartzen dituzte. Eskola uzteak emakume eta ama rola goiz hartzera eramaten ditu. Horregatik aritu gara hezkuntza proiektu bat garatzen. Proiektuaren bidez, neskei ikasteko bekak ematen zaizkie. Egun, beste beka batzuk ere sustatzen ari gara, neskek bigarren hezkuntza edo goi mailako ikasketak egin ditzaten.

Emakumeak nekazaritza eredu berrian sartzeko aukera ere aipatzen da. Zein da eredu hori, eta zergatik egin dute eskaera?

Joan den urtean Women Jam Association sortu zuten, emakumeei eta haien familiei diru sarrerak eskaintzeko. Uda honetan marmelada egiten ikasteko eta barazkiak landatzen ikasteko nekazaritza ikastaroak egiten ari dira.

Pakistandik itzuli zarela, zein gogoeta egiten duzu han egindako egonaldiaz?

Hango emakumeek gure laguntza behar dute dauden diskriminazio egoeratik irteteko, eta, prozesu horretan aurrera egiteko, Felix-Baltistan Fundazioak bere lanarekin jarraitu behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.