Bigarrenez planto eguna deitu dute Bilboko Konpartsek. Gaur 10:00etan hasiko da, eta 24 orduz jaiari muzin egingo diote. Erabakia zer dela-eta hartu duten azaldu du Urko Losada Altxaporrue konpartsako kideak. Koordinadorak jai batzorde mistoan duen ordezkarietako bat ere bada. Itziar Urtasun jaietako zinegotzi berriarekin baikor agertu da: «Den-dena agian ez, baina datozen hilabeteetan arazo asko konpon ditzakegula uste dut».
Oro har, jendea pozik dago Aste Nagusiaren hasierarekin, ezta?
Txupinaren unea harrigarria izan zen. Normalean jendetsua izaten da, baina aurten, bereziki, esango nuke. Hala ere, lehenengoz egon naiz balkoian 22 urtez konpartsero izan ostean, eta une hura sekulakoa, izugarria izan zen! Larunbatean jendetza batu zen, igandean eta atzo [astelehenean] nabarmen gutxiago, baina, tira, jende mordoa dabil.
Pregoiarekin bete-betean asmatu dela esan daiteke, ez?
Pregoia! Nik jai batzordeko bati entzun diot esaten azken 32 urteetan izan dugun pregoirik onena izan dela, eta ni ere ados nago. Iruditzen zait txukuna izan zela, polita, alaia, dantzatzekoa, euskara dezente erabili zuena... Jende askok agurtu du Kirmen [Uribe] kalean.
Iaz arazoak izan ziren jai hasierako ekitaldian, kamisetak zirela eta. Aurten lasai joan da dena, ez?
Jai batzorde mistoko arduradun nagusi eta jai zinegotzi den Itziar Urtasunen eta orain arte kargu hori bete duen Isabel Sanchez Roblesen aldartea ez dira berdinak, eta nabaritu da. Bati jaia gustatzen zaio, eta besteari badirudi ezetz. Urtasun jaien alde lan egiteko prest dago, eta Sanchez Roblesek bere irudia zabaldu eta goratu nahi zuen. Aurten ez dugu batere arazorik izan.
Hala ere, planto egiteko erabakia hartu duzue bigarren urtez.
Erabakia hartu genuenean guk bagenekien zinegotzi berriak beste planteamendu bat duela jai batzorde mistoaren inguruan. Baina ezin izan dugu frogatu. Hala ere, arazoak hor daude oraindik. Txori Barroteri eta Kaskagorriri ez diete debekua kendu, espazio publikoaren erabilera arautzen duen ordenantzarekin arazoak izan genituen San Joan suak egiteko, Marijaia for alkate ekimenaren barruan planteatu genuen parrillada amerikarra egiteko baimenik ez ziguten eman... Edonola ere, gauzak aldatzen hasiko diren esperantza badugu.
Aurtengo planto eguna iazkoa baino parte-hartzaileagoa izango dela esan dezakegu?
Iaz Areatza husteko gai garela erakutsi genuen. Correo egunkariak ere onartu behar izan zuen, nahiz eta urri bukaerako argazki oin batean izan. Udalak ahalegina egin du aurten ez errepikatzeko. Badakigu iazko plantoak min eman zuela. Baina aurten harago joan nahi dugu.
Erakutsi nahi dugu gai garela jai eremua betetzeko, nahi dugunean husteko, eta gero berriz betetzeko. Horrekin batera, ez genuen irudi ezkorra eman nahi; hori iaz lortu genuen. Aurten zerbait baikorragoa egin nahi dugu. Horretarako, bilbotarrei laguntza eskatu diegu desafioa egiteko. Konpartseroen harrotasun desfilearekin kolorea eman nahi izan diogu. Konpartsa kideak, turutak, txarangak, batukada, M-15 mugimenduko kideak... denetarik egongo da. Azken batean, jendeari erakutsi nahi diogu gu jaien alde gaudela eta udala dela hau moztu nahi duena.
Moztu, zelan?
Gaur [atzo] egunkari batek dakar aurtengoak direla Zorrotzaurreko azken kontzertuak eta seguruenik datorren urtetik aurrera Miribillan izango direla. Pabiloiak ateak ditu... 30 urtetan doan izan diren kontzertuak, baliteke ordainpekoak bihurtzea. Biharko [gaurko] lotsaren desfilean plantoa egiteko 28 arrazoi aipatuko ditugu, 28 konpartsa garelako, baina milaka aipa genitzake.
Iazko plantoa arrakastatsua izan zen, baina izan zen zalantzan jarri edo txosna gabe Aste Nagusia hobea zela esan zuenik.
Atzo [astelehenean] Radio Bilbaon egon ginenean Zazpikaleetako ostalari bat sartu zen zuzenean, eta esan zuen iazko plantoa putakeria izan zela eurentzat. Ez zen inor ibili! Norbaitek sinesten al du su festarekin, zezenketekin eta antzerkiarekin tamaina horretako arrakasta lor daitekeenik? Denon artean lortzen da, eta gu ezinbesteko parte gara.
Bilboko Aste Nagusia. Urko Losada. Bilboko Konpartsen ordezkaria jai batzorde mistoan
«Iazko plantoak min eman zuen»
Losadak dio jai eremua husteko gai zirela frogatu zutela iragan Aste Nagusiko plantoan. Gaur, harago joan nahi dute: «Zerbait baikorra egin nahi dugu; jaien alde gaudela erakutsi jendeari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu