EZARIAN

Ibai jendea

Bidasoari eta haren inguruan bizi den jendeak ibaiarekin duen harremanari buruzko dokumentala kaleratu dute Nafarroako Gobernuak eta Crana fundazioak. Ibaiaren inguruko ondare naturala, materiala eta ez materiala aztertzen ditu bideoak

Inigo Astiz
2010eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Baztan inguruko mendietan jaio (Nafarroa), eta Txingudiko badian hil. Hori da Bidasoa ibaiak egiten duen ibilbidea. Baztan ibaia utzi eta Bidasoarena hartzen du bidean, eta hamaika herri eta mendiren artetik pasatzen da 66 bat kilometroko ibilaldian. Baina ibaia ez da pasatzen paisaiatik soilik; pasatzen da jendearen baitatik ere, eta ibaiari lotuta daude, horregatik, haren ertzetan bizi diren herritar askoren oroitzapen eta bizipenak. Izan ere, hartu emaneko harremana da jendearen eta ibaiaren artekoa: ibaiarengan eragiten du jendeak, baina baita Bidasoak jendearengan ere. Jende askoren nortasunaren parte da, eta, beraz, ibaia ere bada jende. Hori dela eta, ibaiaren ondare natural eta materialaz gain, haren ondare ez materiala ere hartu dute kontuan Nafarroako Gobernuak eta Crana fundazioak Bidasoari buruz prestatu duten dokumentala egiteko.

Ni, Bidasoa du izena lanak, eta ibaia bera da ahots nagusia Labrit multimedia produkzio etxeak sortu duen dokumentalean. Lehen pertsonan mintzo zaie Bidasoa bere inguruan bizi direnei. Hurbiltasunez, gehienetan, baina baita kezkaz ere: «50 milioi urte ditut, eta, atzo, orain dela 50.000 urte zuen arbasoak iritsi ziren lurralde hauetara. Hasieran pentsatu nuen Ama Lurrak hautatu espeziea zinetela... Baina, zer gertatu zaizue hondarreko ehun urteotan?». Galdutzat ematen du ibaiak gizakiarekin zuen garai bateko harremana: «Igerilekuak eraiki dituzue, eta bainatzera ere ez zatozte nigana!».

Bere inguruan bizi den jendearen hitzen bidez ere mintzo da, ordea, Bidasoa ibaia dokumentalean. Haren ertzetan bizi direnen oroitzapenen bitartez. Badira, horregatik, urtez urte, tantaz tanta, esanahi berezia hartu duten lekuak. Lamien kondairekin lotuta daude haietako batzuk. Dokumentalean Bidasoaren «izpiritutzat» aurkezten den Xorroxingo ur-jauzia eta Erratzuko zubia (Nafarroa), esaterako. Lamia baten izena omen zen Xorroxin, eta antzeko arrazoiengatik omen du herriko zubiak Lamietako zubia izena. «Horregatik du zubi honek fama», dio Beñardo Rekalde erratzuarrak, «baten batek hemen lamiak ikusi zituelako». Ez berak, ordea, gero zehazten duenez: «Nik ikusi ez ditut egin; badut aditzea».

Kondairen sorgune izateaz gain, lantoki eta solasaldi gune ere izan da ibaia. Asko izan dira urteetan hara lanera joandako emakumeak; etxeko guztien arropak garbitzera, familiarentzako ur bila edo elkar laguntzera. Hala aritzen ziren Mikaela Etxeberria iturendarra, Emilia Azkarate eta beste hainbat. Izan ere, emakumeen gune izan da, maiz, ibai ertza.

Baina izan da haren inguruan lanean aritu den gizonik ere. Beharrak bultzatuta kontrabandoan asko. Nylona, parpaila eta bestelakoak pasatzen. Halakoetan zebilela ibaiak herritar bat hil zuela kontatzen du Juantxo Burgete beratarrak. «Ibaia gora zela pasa behar izaten zen batzuetan batetik bestera, eta ur gutxien zuten guneetatik pasatzen ziren gazteak. Polizia segika zuela, baina, ur gutxi zuen gunetik pasatzen asmatu ez, eta lagun bat hil zela kontatzen da».

Jendeak probetxua atera dio ibaiari, eta beren nahien arabera erabili du haren indarra. Eta, hala, irina ehotzeko erabiltzen ziren errotak elektrizitatea lortzeko tresna bihurtuz joan ziren. Hala gogoratzen du Juainas Paul zubietarrak aldaketa hura: «Errepublika garaian sortu zen argia ere. Dinamo bat jarri zuten errotan, eta argi bonbilla bat jarri zen etxe bakoitzean. Gorabehera handiko argia zen. Eta errotaria ostatuetan ibiltzen zenean, emazteak argia kentzen zuen senarra etxera joan zedin. Abisua emateko».

Ibaia, arrantzarako gune

Pixkanaka handituz joan zen Bidasoan presa kopurua. 109 kontatu zituzten 2000. urtean Nafarroako Gobernuko adituek, haren ibilbidean zehar; presa artifizialak ziren haietako 97. Kontaketa berririk ez dago, baina diotenez, hobetu egin da egoera, oraindik ere oztopoak asko diren arren.

«Zauri» gisa aurkezten ditu Bidasoaren ahotsak traba horiek dokumentalean. «Ibaiarentzako koska bat dira, baita ibaian gora joan behar diren izokinentzako ere». Bide alternatiboak eskaintzen zaizkie arrainei, baina presa horiek kentzen joatea da gobernuaren asmoa. «Nik aske ibili behar dut», dio ibaiak bideoan, «eta eskertuko nuke presak poliki-poliki desagertuko balira». Ibaiarentzako oztopo diren eraikin horiek, ordea, badute esanahi historikorik ere, eta talkak sortzen dira kasu horietan mantendu edo bota erabakitzerakoan. Hala gertatzen da, adibidez, Elizondoko presarekin.

Arrantza gune ere izan da Bidasoa mende eta mendeetan, eta oraindik ere mantendu egiten du izaera hori. Baina ez da garai bateko arrantzarik jada, Juantxo Otamendik aipatzen duenez. Presak direla eta bestelako obrak direla eta, hoztu egin da ibaiko ura, eta horrekin batera gutxitu egin da izokinen kopurua. «Bidasoari aberastasun hori kentzen badiogu, hiltzen joango da», dio Otamendik.

Oraindik, baina, ez da dena galdu, eta inguru aberatsa da Bidasoa. Garai batean baino gutxiago, baina bertan bizi dira oraindik igarabak, bertako karramarroak, igelak eta hamaika zuhaitz mota ere.

Mediku lanak ere egiten ditu Bidasoara heltzen den urak. Hori da, behintzat, Jesus Mari Seinek San Juan Xargo iturriaz dioena. Kalitzak kentzeko balio omen du bertako urak, baina ez nolanahi, badu bere errezeta modukoa ere: «Hiru iturri ditu, eta hiruretatik edan behar da ura», azaltzen du Seinek.

Orekaren bila

Azkenaldian ibaiarekiko harreman orekatuagoa bilatzeko asmoak sortu dira Bidasoaren inguruan. Hori da Uraren Nafarroako Foroaren kasua, dokumentalean azaltzen denez. Isabel Ibarrolak azaltzen du haien asmoa: «Nafarroako administrazioak, bertako administrazioek eta herritarrek osatzen dugun plataforma bat da uraren foroa delakoa. Uraren politika aztertzea da asmoa. Ibaiarekiko erlazioa berreskuratu nahi dugula diogu, baina ez dugu askorik egiten ibaiaren alde. Pixkanaka ari gara hori aldatzen, baina gutxi egiten dugu, garai batekoarekin alderatuta. Ez gara ohartzen gure jokabideak ibaiarengan duen eraginaz».

Kontzientzia hartzea da, izan ere, Bidasoa ibaiaren egoera hobetzeko giltzetako bat, dokumentalean esaten denez. Zubiak eratzea, nolabait ere. Baina ez ibaiaren ertz batetik bestera doazen zubiak soilik, ertzean bizi den jendearengandik ibaira bertara doazenak baizik.

Doneztebe, Bera, Elizondo eta Lesakara eramango dute Ni, Bidasoa dokumentala datozen egunetan; bihar hasi eta abenduaren 23a bitartean.



Izokinen greba

Izokinak. Horiek izan ziren Lesakan eliza eraikitzeko lanetan aritu ziren langileen protestarako arrazoia. Merkea zen, izan ere, izokina nagusi eta ostatuko jabeentzat. Arrantzatu eta kito. Langileak, ordea, nazkatu egin ziren arrain hura jateaz, eta menua aldatu bitartean, lanik ez egitea erabaki zuten. Hala dio entzuna Pedro Lantx lesakarrak bere amari, eta hala kontatzen du berak ere «izokinen greba» deitzen duen pasarte historikoa.

«Astean bitan baino gehiagotan jateko izokinik ez jartzeko baldintza jarri omen zuten eliza eraikitzen zebiltzan langileek. Hori izan zen jarri zuten kondizioa. Ostatukoei eta nagusiei aise heltzen zitzaien izokina, eta hasi ziren proba egiten. Kontratistak astean hiru egunez ematen zien izokina lehenik, eta lau ere pasa zizkieten arazorik gabe, baina langileek erabaki zuten aski zela, eta egin zuten greba». Umorea ere izan zuten beren aldarriak egiterakoan. Idazki bat egin zuten, beren protesta azalduz, herriko harrobian: «Nola jan, hala lan».





Bertsoa

«Zain daukazu itsasoa»

Julen Zelaieta Berako (Nafarroa) bertsolariak Bidasoa ibaiari jarritako bertso bat ere entzun daiteke Nafarroako Gobernuak kaleratu duen bideoan. Ibilbide osoari begira jarri da Zelaieta.



«Zure ertzeetan basoa

denbora pasa goxoa

bainatzeko erosoa

bi bazterretan bizi garenok

zugan jarri dugu soa

hor duzu bide osoa

mugi zaitez Bidasoa

zain daukazu itsasoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.