Asteburuko proposamenak

Ibaiko garraiolarien omenez

Burgi. Larunbatean hasiko dute festa Burgin, eta igandean ospatuko dute Almadiaren Eguna

Igande eguerdian jaitsiko dira almadiak ibaian behera, garai bateko lana gogorarazteko. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Almadiazainez beteta zegoen garai batean Nafarroako Pirinio ingurua. Ibaia erabiltzen zuten basoetan moztutako zura garraiatzeko, baina, kamioiak hedatzen joan ahala, galduz joan zen ofizioa pixkanaka. Ez du horrek esan nahi, ordea, ahaztu egin zenik. Hogeita bat urte dira Burgin (Nafarroa) Almadiaren Eguna ospatzen hasi zirela. Festaren bidez omentzen dituzte garai bateko langileak. Asteburu osokoa izango da jaia, aurten.

Igandekoa izango da egun handia. Eguerdi inguruan jaitsiko dira almadiak ibaian behera, eta ertzetan bilduko dira orduan herritar eta bisitari guztiak. Almadiazainek presa nola jaisten duten ikusteko. Hori da eguneko unerik bereziena, baina egun osokoa da festa, eta oparoa egitaraua. Artisautza eta janari azoka izango da, baita musika emanaldiak, gazta dastatzea, dantza erakustaldiak ere. Iluntzean ere festa.

Bestelako langile batzuk ere omenduko dituzte Almadiaren Egunean: herrian gelditzen ziren emakumeak. Almadiak jaitsi aurrean, garbitzaileak arituko dira ibaiertzean.

Larunbatean hasiko dira ospakizunak. Azoka eta tailerrak izango dira, baita musika ere. Goizean hasiko dira ekitaldiak eta gauean bukatuko dira.

Aurtengoan Fernando Uhalde historialari eta etnografoa omenduko du Nafarroako Almadiazainen Elkarteak. Hark jasoko du Urrezko Almadia izeneko saria, baita Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak ere.

ALMADIAREN EGUNA

Non. Burgin (Nafarroa).

Noiz. Larunbat eta igandean.

Egitaraua. www.almadiasdenavarra.com webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.