Ibarreko historia gogoratuz

Tarteka euria egin arren, 21 karroza atera ziren Elizondoko kaleetara. Urtero bezala, festak eta ibarreko herrietako gertakarien oroitzapenek bat egin zuten Baztandarren Biltzarreko jaian.

Orga onenaren saria irabazi zuena. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Festak eta historiak bat egin zuten Baztandarren Biltzarreko orgen desfilean. Elizondora (Nafarroa) jendetza joan zen igandean, eta Baztango herri bakoitzak bere orga eraman zuen. Guztira, 21 karrozak zeharkatu zituzten Elizondoko kaleak, eta horietako bakoitzean ibarreko hamabost herrietako historiarekin lotutako gaiak agertu zituzten, umore ukituz: garai bateko ofizioak; Franco garaian mugan gaueko lanarekin bizitakoak; garai bateko eskolak; Nafarroako konkista... Azkenean, Elizondoko batek eraman zuen orga onenaren saria. Desfilea bukatuta, Baztandarren Biltzarreko ospakizunek segida izan zuten.

Euriak festa zapuztuko zuela zirudien arren, ez zen horrela gertatu. Orgen desfilea hasi baino bost minutu lehenago euria ari zuen Elizondon, baina, karrozak atera zirenerako, atertu egin zuen. Eguraldi tristea eta freskoa izan arren, Elizondoko kaleetan alaitasuna izan zen nagusi. Tarteka euria bota bazuen ere, ez zuen Elizondoko giro bikaina hondatzerik lortu. Goizetik eskulangile azoka izan zen, eta ondotik etorri zen eguneko ekitaldi nagusia: orgen desfilea.

Karrozak ikusteko jendez mukuru bete zen Santiago kalea.Baztan Ikastola izan zen omendua, aurten 40. urteurrena ospatzen duela eta. Ikastolak zabaldu zuen orgen desfilea. Aurten, 21 orga prestatu zituzten ibarreko hamabost herriek; horietatik sei Elizondokoak izan ziren. Irabazlea Elizondoko Beti Zurrutak taldea izan zen, Santanderko zurginak Baztanen izenburuko orgarekin. Santandertik (Espainia) Baztanera etorritako zurginen bizimodua antzeztu zuten organ. Bigarren sailkatua Elbete herrikoa izan zen. Kafea garestiegia zen garaian haritz ezkurrekin egindako infusioa nola egiten zuten antzeztu zuten. Elizondoko Aise taldea izan zen hirugarrena. Azken urteetan landetxeen negozioak ibarrean hartu duen garrantzia azpimarratu zuen.

Orgen desfilearen ondotik bazkaria egin zuten; 1.500 lagun elkartu ziren otordurako. Arratsaldean, orga irabazleei saria banatu eta ikastolaren omenaldia egin zuten. Ondoren dantzaldia ospatu zen, Trikidantz eta Laiotz taldeekin.

Eskerrak

Atzokoa garbiketa eguna zuten Baztandarren Biltzarreko antolatzaileek. Ana Arretxea festaren antolatzaileetako batek jaian parte hartu zutenei eskerrak eman zizkien. «Egin zuen eguraldi kaskarra aintzat hartuz, desfilean parte hartu zutenei eskerrak eman nahi dizkiegu: dantzariei, herrietako orgen egileei...». Festara joan ziren gainontzeko baztandarrei eta kanpotarrei ere eskerrak eman zizkien Arretxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.