Sokorro Bilbao. Jaien hasierako txupin jaurtiketaren arduraduna

«Ibilbidearen aitorpena da txupinazoan parte hartzea»

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Udaletxeko administraria eta Bakioko Bake epailea izan da azken urteetan Sokorro Bilbao (Bakio, 1947), erretiroa hartzekotan denez, haren esku utzi dute aurten txupina jaurtitzeko ardura.

Zer garrantzi du zuretzat txupinari su eman, eta herriko jaiei hasiera emateak?

Kanpotik ikusita, pentsatzen duzu ohore handiko gauza bat dela; batez ere, telebistatik sanferminetako edo Bilboko txupina ikusten duzunean, milaka pertsona zuri begira, eta zu goitik dena kontrolatzen... Baina egunak aurrera doazen heinean, ohore handi hori erantzukizun bihurtzen da, eta loaldiak, gaubela...

Nolako erantzuna izan zenuen zeuk piztuko zenuela jakitean?

Ezin nuen sinistu. Harriturik geratu nintzan neu aukeratua izateagatik. Ni oso pertsona normala naiz, langile hutsa, herrikoa, ez naiz telebistan edo azaltzen direnetarikoa. Baina gero lankideek animatu ninduten, eta oso pozik hartu nuen. Egia esan, ez da lehenengo aldiz jendaurrean aritzen naizela. Duela urte bi pozarren sentitu nintzen Itxas-Alde Dantza Taldekoek Andra Mari eguneko antzezpenean parte hartzeko deitu zidatenean. Baina oraingo honetan neu izango naiz antzezle bakarra, eta errespetu handia ematen dit.

Zure iritziz, zer sentituko duzu?

Bada, pregoia irakurri baino arinago, zerua jausiko zaidala gainean. Baina jakin badakit aurrean izango ditudan ezagunek, lagunek eta familiakoek barkatuko didatela okerren bat egiten badut, eta nirekin bat izango direla. Dena dela, maitasunez egiten dena ezin da hain txarto atera.

Zergatik uste duzu eman dizutela txupina piztearen ohorea?

Alde batetik, betiko bakiotarra izanda, udatiarrak zein bertakoak ondo ezagutzen ditudalako, eta eurek neu ere bai; beste alde batetik, 43 urte udaletxean beharrean aritu ondoren, erretiratzear nagoelako. Batez ere, horregatik.

Hainbeste urtez Bakioko jaiak bizi ondoren, zure ustez, zer berezitasun dute?

Bertan ez dagoela bereizketarik, bakar bat garela denok, eta guztiengan pentsaturik daudela. Guztiok parte hartzen dugu, eta kaleko ohiturak eta herrikoak nahasten dira jai giro ederrean. Denontzat dago ikuskizunen bat, inor ez da geratzen kanpora.

Zein izaten da ekitaldi jendetsuena? Eta garrantzitsuena? Zein da zure gustukoena?

Oso gaitza da bat bakarrik aitatzea, baina udaletxerainoko hasierako kalejira, txalupen jaitsiera edo Eneperi eguneko Paella Lehiaketarena dira jende gehien batzen dutenak. Garrantzitsuenak, seguru asko, txosnetako kontzertuak, su festa eta kirol txapelketak dira, baina ezin dira ahaztu gastronomia lehiaketak eta umeentzako jolasak. Hala ere, niretzat gustukoena mozorro eguna da, gaztetxoena zein nagusiena, lotsa alde batera utzita barrutik onena ateratzen dugulako.

Besteak beste, aitzur jaurtiketa eta asto lasterketadaude egitarauan; nolakoak izaten dira?

Duda barik, jendearen gogokoak. Gainera, herriko jai ohiturak dira. Zorionez, oraindino astoak eta aitzurrak entzun eta ikusi egiten dira bertako baserrietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.