Mugitzeko era jakin bat da ibilketa nordikoa; eskuetan bi makila hartu eta teknika jakin batekin ibiltzea da, gorputzaren gihar gehienak erabilita. Gero eta jende gehiago ikus daiteke mendi bideetan modu bitxi batean aurrera egiten. Ez alferrik, Euskadiko Nordic Walking elkarteak (www.nordicwalkingeuskadi.com) jarduera bizia dauka azken hilabeteotan ikastaroak antolatzen. Erakustaldiak ere ez dituzte gutxi egin han eta hemen, eta aurrerantzean ere bi makilarekin ibiltzearen onurak asko eta askotarikoak direla entzungo da.
Kirol diziplina hau Euskal Herrira ekarri duten eragile nagusietakoa da Xabier Madina (Hernani, 1953). «'Makilekin ibili' idatzi nuen Googlen, eta mundu oso bat atera zitzaidan», dio. Ikastaroak egiten hasi, eta bera irakasle bihurtzeko urrats guztiak egin ditu azken bi urteotan. «Edonor aritu daiteke ibilketa nordikoan; adinak ez du garrantzirik», azaltzen du. «Ohiko moduan ibiltzearekin alderatuz gero, ibilketa nordikoak onura handiak dakartza; adibide bat: %60 arteko energia kontsumo handiagoa lortzen da, eta, ondorioz, kaloria gehiago erretzen da».
Ibilketa nordikoa «ez da moda bat», Madinaren ustez. 1930etik aurrera hasi ziren Finlandian bi makilarekin ibiltzen; ordukoak dira lehenengo erreferentzia idatziak. Udan, elurra ez zegoenean, entrenamendu gisa abiarazi zuten eski nordikoa egiten zuten kirolariek. Beste kirol bateko adar bat izateari utzi, eta bere kabuz egin zuen aurrera luze gabe, baita eskiatzaile ez zirenen artean ere.
Europan oso hedaturik dago
«Ez dakit zergatik iritsi den hain berandu gurera, Europan oso zabaldurik baitago aspalditik. Alemanian Alfa teknika sortu zuten ibilketa nordikoa oraindik ere gehiago fintzeko, eta hori da guk irakasten duguna». Madina buru-belarri sarturik dago ibilketa hori zabaltzeko lanean. «Terapia gisa ere gomendatzen dute mediku ugarik, giltzadurak eta gorputzeko beste atal batzuk bortxatu gabe, energia ugari erretzen duen kirola baita». Mugitzeko kontzeptu berri bat dela dio. Makilak zertarako diren ere garbi utzi nahi du: «Makilek laguntzen dute gorputzaren goiko zatia behar bezala mugitzen; ez dira haiengan indarra egiteko, gure gorputza aurrera bultzatzeko baizik. Horretarako angelu jakin bat erabiltzen dugu». Horrek guztiak eskatzen du teknika jakin bat ikastea, entrenamendua, oinarrizko kontzeptu batzuk barneratzeko.
Ikastaroetan aldapan behera eta aldapan gora joaten erakusten dute, baita ordekan ibiltzen ere. Gorputza hainbat baldintzatara egokitzen da. «Baina erosoa da oso», dio Madinak. Gorputzaren goiko atala ere mugimenduan jarrita, 600 bat gihar jartzen dira martxan ibilketa nordikoan aritzean, gihar guztien %90. «Energia kontsumo handia eskatzen dio gorputzari, baina mugimendu oldarkorrik egin gabe».
Finean, edonork egin dezakeen lan fisikoa da. Entrenamendu handia egiten dutenak gai dira bost kilometro 42 minutuan egiteko; baina kirol guztietan bezala, hainbat maila daude ibilketa nordikoan ere.
Ibiltzeko era osasungarria
Gero eta zabalduagoa dago Euskal Herrian ibilketa nordikoa, bi makilarekin ibiltzeko era. Gihar gehienak martxan jartzen dituen teknika izaki, onuragarria da gorputzarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu