Elizak mende luzez bere Index delakoari esker irakurgarri ziren idazlanak eta baztertu behar zirenak bereizi ditu, eta idazlan baten inprimatzeko, baimenak, delako nihil obstat eta imprimatur izenekoak behar ziren. Idazlanaren libertatea demokrazia baten neurtzeko tresna gisa ekarriak dira. Sobietar Batasunean Boris Pasternaken Jivago medikua-ren ezin argitaratzea eskandalu bat izan zen, beste askoren artean. Ulertu behar da Estatu batentzat bere kultur irudia garrantzitsua dela eta, bere ustez, kontrol bat zilegi zaiola. Baina irakurleek dute agintzen azken finean, eta «mantaren azpian» irakurririk bada liburu oste ederra, betidaniko liburu erotikoetarik idazle madarikatuen lanetaraino.
Frantzian Mitterrand kultur ministroak Celine idazlearen heriotzaren mendeurren erdia «ospakizun nazionalen» saretik kentzea erabaki du iragan astean. XX. mendean irakurri eta itzulienetarik da munduan, bereziki duela 75 urte idatzi zuen Voyage au bout de la nuit obrarengatik. Nazien aldekoa eta antisemita basa izanagatik purgatorio batean jarria da.
Jean Genet ospatzen da ere: duela ehun urte sortu zen, ume abandonatua, lapurretan ibilia, kartzeletan egona, homosexuala, baina obra nagusi baten egilea, nobela eta antzerki sailetan.
Jon Mirande ere gogora heldu zaigu: hori ere antisemita, nazien aldeko deklarazio sutsu batzuen egile, maiz horditu zena, etsipenaren adierazle. Hemengo apaizen imprimatur guti ukan zuen.
Nola ulertu eta erabili horien obrak? Mendearen etsipen, absurdo eta gorrotoen adierazgarri dira. Gure ispilu: hori diegu beharbada ez barkatzen.
Maratila
Idazle madarikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu