Behar al du ideologiarik telebistak? Galdera entzun eta zutabe hau leihotik behera botatzeko tentazioa izango zuen norbaitek, agian. Telebista aisiarekin lotzen baitugu, entretenimenduarekin. Telebista hitza entzun eta telesailekin gogoratzen gara, lehiaketekin, irribarre eginarazten diguten saioekin. Ez dugu ikusten talde erraldoiak direla telebistak, milaka eurotako aurrekontuak mugitzen dituztela, milaka pertsonarengana iristen direla aldi berean. Eta arma boteretsuak direla. Are gehiago hauteskunde aurreko giro honetan.
Sarrionandiak idatzi zuen gu telebistak ikusten gaituela. Geure burua ikusten dugu telebistari begira jartzen garenean, mundua ikusteko daukagun modua. Kate guztiek ez diote berdin begiratzen inguruari, eta begirada horren arabera aukeratuko dugu, beharbada, bat edo bestea.
Eta kazetariak? Behar al du ideologiarik? Kazetari objektiborik ez dagoela ikasi genuen fakultatean. Albisteak, azken finean, gertakarien interpretazioak direla. Eta hor pisu nabarmena dauka ideologiak; gertakarien interpretazioei koherentzia ematen baitie. PPk salaketa jarri die zenbait kazetariri, Gurtel aferan murgildutako alderdikideei inputatu eta inplikatu deitzearren. Epaitegiek kazetariei eman diete arrazoia, demokrazia batean adierazpen askatasuna ezin baita ezabatu —gertu ditugu kontrakoa erakusten duten kasuak—.
Ideologiak hil egin direla entzutera ohitu gara, ordea, azkenaldian. Alderdi politikoak dira joko demokratikoaren protagonista, ez ideologiak. LaSextako albistegietan ikusi nuen adibidea, ostegunean. Mariano Raxoik PPk ez duela sekula ETArekin negoziatu esan du aste honetan. Albistegian erantzun egin zioten, Aznarren garaiko negoziazioen berri emanez. Ondoren, Dolores de Cospedalek Gatza eta Rubalcaba alderatu izana kritikatu zuen Cristina Saavedra aurkezleak. Eta PPri nahikoa egur eman eta gero, Zapaterok Txinara egindako bidaiaz aritu ziren. Han giza eskubideen alde hitz egin izana nabarmendu zuten. Nik ez dakit txalotzekoa den Txinaraino joan behar izatea hemen babesten ez diren giza eskubideak defendatzera. Baina ikuskizunak gidatzen du politika. Izan ere, alderdi politikoek ba al daukate ideologiarik?
Oharra: ideologiaren telebistaz, kazetariez eta alderdi politikoez ere hausnartu genezake, egoera pixka bat irauliz gero.
Komunikazioa. Ekografiak
Ideologiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu