Zibergela

'iGailuak': Appleren aniztasun digitala

Aski ezagunak dira 'i' letrarekin hasten diren gailuak. Applerekin lotzen ditugu berehalakoan, sagarraren irudia ikurtzat daukan etxearekin. Diseinu zaindua dute, eta funtzionamendu aldetik fidagarriak dira.

2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Applek i letraren bitartez izendatzen ditu bere gailu eta aplikazio gehienak. Horrela, iPhoto, iTunes, iPhone, iPad, iPod eta iMac aski ezagunak dira dagoeneko guztiontzat, eta i letra izenaren aurretik ikusita, laster batean Apple etortzen da burura, orokorrean. Horregatik, iGailuak agertzen da tituluan, Appleren gailuak eta bakoitza zer den aipatuko direlako artikulu honetan. Azkenean, hainbeste iGailurekin nahaste-borrastea sor daiteke. Gailu hauen ezaugarriren bat azpimarratu behar bada, diseinu zaindua izan daiteke: ordenagailuetan zein gailu eramangarrietan izugarri zainduta daude itxura eta estetika. Oso fidagarriak dira funtzionamendu aldetik, eta prezioaren aldetik merkeak ez badira ere, erabiltzaileak oso fidelak zaizkie.

Appleren ordenagailuak

Ordenagailuak eta haien periferikoak izan dira, Mac Os sistema eragilearekin batera, Appleren lan esparru nagusia iPod ospetsua agertu arte. Egun, aniztasun handia dago ordenagailu eramangarrietan zein mahai gaineko ordenagailuetan. Mahai gainekoei dagokienez, Mac min, iMac eta Mac Pro eskaintzen ditu Applek. Mac min oso ordenagailu txikia da, eta estetika aldetik, oso txukuna; monitorerik, sagurik eta teklaturik gabe saltzen da. iMacen berezitasuna da monitorea, prozesadorea eta irteerak eta sarrerak gailu bakar batean doazela. Mac Prok, ordea, ohiko mahaigainekoak bezala, dorre itxura du, eta monitorea eta beste osagaiak ez daude txertatuta dorrean. Etekin handiko ordenagailua da. Ordenagailu eramangarrietan MacBook, MacBook Pro eta Mac Book Aire dira aukerak. MacBook etxeko eta enpresa txikietako erabiltzaileentzat da, Mac Book Prok errendimendu hobea eskaintzen du eta, beraz, erabiltzaile profesionalentzat da. Mac Book Air oso pisu gutxiko ordenagailua da eta oso-oso estua. Beraz, oso egokia da maiz ordenagailua soinean eraman behar duenarentzat. Zerbitzariak ere badituzte: Mac Pro Server eta Mac Mini server.

iPod, musika soinean

iPod delakoa musika eta multimedia erreproduzitzaile bat da. Hemen ere hainbat gailu eskaintzen ditu Applek. iPod shuffle da txikiena eta merkeena. iPod nano ere oso tamaina txikikoa da, baina ukimen pantaila dauka. iPod classic eta iPod touch dira handienak. Lehenengoak ohiko itxura dauka, pantaila eta behean botoiak; bigarrenak, berriz, ukimen pantaila dauka.

iPhone, Appleren sakelako telefonoa

Appleren sakelako telefonoak iPhone du izena. Wi-Fi eta 3G Internet konexioak eskaintzen ditu. Ukimen pantaila dauka, eta sistema eragile gisa iPhonerako Applek garatutako sistema eragilea erabiltzen du. Telefonoa biratzea besterik ez da beharrezkoa pantailaren edukia ere bira dadin. Honela, ikusgarria izateaz gain, testuak errazago idazteko eta irakurtzeko modua ematen du. Telefonoaren eduki osoan bilatzaile aurreratua ekartzen du. Bestetik, qwerty ukimen teklatua dauka, era eroso batean idazteko. Ordainpeko eta doako aplikazio biltegi bat eskaintzen du. Aplikazio hauek guztiak deskargatu edo eros daitezke App Storetik telefonotik zuzenean.

iPad tableta

iPad delakoa Appleren tableta da. Tableta bat Smarthphone edo sakelako telefono inteligente baten eta ordenagailu eramangarri baten arteko gailu moduko bat da. iPadak ukimen pantaila bat dauka; ez du teklaturik, beste tabletetan ohikoa denez. Beraz, qwerty teklatua eskaintzen du ukimen pantailan bertan. Produktu hau 2010eko urtarrilean atera zen merkatura, eta 2011ko martxoaren 2an atera da iPad 2. Beraz, bero-bero dago oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.