Aurreikuspenak gainditu ditu aurtengo Araba Euskaraz-ek, eta pozik dago Ketxu Bedialauneta Bastida ikastolako zuzendaria. Igandean bildutako diruak «arnasa apur bat» hartzeko balioko diela esan dio BERRIAri.
Arrakastatsua izan da igandeko Araba Euskaraz. Pozik, ezta?
Bai, oso. Jende asko etorri zen, eta aurreikuspen oro gainditu genituen. Bastidara etorritako euskaltzale guztiek indarra eta kemena eman digute euskararen alde lanean jarraitzeko. Gu saiatu gara gauzak ongi egiten, eta lortu ditugun emaitzak izugarriak izan dira.
Gune guztiak jendez gainezka izan ziren. Zer nabarmenduko zenuke?
Ni laugarren gunean egon nintzen batez ere, eta bertan prestatutako egitaraua oso egokia izan zen gazteentzat, musika talde ezagunak izan zirelako. 15 urteko alaba daukat, eta badakit musika talde horiek zenbat jende mugitzen duten. Lehenengo gunean ere izan nintzen amaieran, eta han milaka lagun elkartu ginen...
Araba Euskaraz-eko antolatzaileen eskutik omenaldia jaso zenuten zuk eta Gorka Knorr abeslariak. Nola bizi izan zenituen une horiek?
Oso hunkigarria izan zen; negar eta dena egin nuen. Nire ikasleak izandako bi andereñok hitz egin zuten, eta oso gauza politak esan zituzten; oparia ere jaso nuen, nire familiakoak ere han izan ziren... Omenaldi berezia izan zen bai niretzat bai Gorka Knorrentzat. Bizitza guztian gogoratzeko moduko eguna izan zen igandekoa.
Ikastolako eraikin berriaren inbertsioari aurre egiteko dirua biltzea ez ezik, euskara eta ikastolen egitasmoa bultzatzea ere jarri zenuten helburu gisa. Xede biak lortu dituzue?
Bai. Batetik, eraikin berriaren zati bat ordaintzeko adina diru lortu dugu, eta, bestetik, leloak dioen moduan, euskara barreiatzeko aukera paregabea izan dugu. Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako euskaltzaleei eskerrak eman nahi dizkiet eman diguten bultzadagatik.
Ikastolaren beharrei aurre egiteko diru nahikoa bildu duzue ?
Bai, pare bat urtetarako arnasa apur bat emango digu diruak. Lasaiago egoteko eta hain itota ez ibiltzeko aukera emango digu.
Zeintzuk dira ikastolaren premia nagusienak?
Eraikin berriaren gastuei aurre egin behar diegu, baina, horretaz gainera, euskara bultzatzeko eta barreiatzeko baliabideak behar ditugu: besteak beste, informatika ekipo berriak eta material berria behar ditugu, gelak ongi atondu behar ditugu... maiz materiala eskatzen ibili behar dugu eta. Baliabideak lortzeko dirua behar dugu, teknologia berrietara egokituz gero umeak euskarara erakartzea lortuko dugulako.
Aurrera begira zeintzuk dira zuen lehentasunak?
Mugan gaude, eta ikastolaren proiektua eskualde osoan zabaltzea da gure erronka. Ikastola honetatik euskaldunak ateratzea nahi dugu, eta euskaldun horiek beren bizitzan euskara erabiltzea da gure lehentasuna. Erronka nagusienetakoa da ikastolan lantzen dugun euskara formal hori informalagoa bilakatzea, kalean erabiltzen den seinale izango baita. Eta uste dut helburu hori lortuko dugula. Andereño askoren seme-alabak ditugu ikastolan, eta ziur naiz belaunaldi horrek lortuko duela euskara egunero erabiltzea. Guk ikastolan euskararen alde lan egiten dugu. Hemen bi hizkuntza baditugu, eta gaztelaniaz egin ahal badugu, zergatik ezin dugu euskara erabili?
Araba Euskaraz-en lekukoa Amurrioko ikastolari pasatu diozue.
Bai, eta hemendik behar duten laguntza guztia emango diegu. Gainera, oso harreman estua daukat bertako zuzendariarekin, eta hari ere esan nion laguntzeko prest gaudela. Gure aldetik datorren urteko Araba Euskaraz-en parte hartzeko deia ahal den gehien zabaltzen saiatuko gara.
Urte osoa pasatu duzue jaia prestatzen. Lan handia izan da, ezta?
Bai, leher eginda gaude. Egun hauek oso gogorrak izan dira, eta aurreko hilabeteak eta asteak eromena izan dira. Orain, gune guztiak garbitzen ari gara, eta horretan ere umeak laguntzeko prest daude. Hala ere, herenegun izandako arrakastak indarberritu egin gaitu, ikusi dugulako egindako lanak fruituak eman dituela. Igandeko jaia lan horren isla izan da.
Ketxu Bedialauneta. Ikastolako zuzendaria
«Igandeko jaitik indarberrituta atera gara»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu