Azpeitiko jaiotetxetik Manresako Cova San Ignacio kobazulorainoko bidea egin zuen Ignazio Loiolakoak 1522. urtean. Badira ia 500 urte Jesusen Konpainiako fundatzaileak bide hori egin zuela. Loiolakoak eginiko urratsei jarraituz, hark bizitako esperientziak erromesaldi baten bidez sentitzeko aukera eskaini nahi diote orain jendeari.
«Orain arte jesuitek eta beste pertsonek egin izan dituzte bidearen zati batzuk. Berrikuntza da publiko egin dugula», dio Josep Lluis Iriberri Tarragona jesuiten ordezkari eta Ignazioren bidearen sustatzaileak.
Azpeitia eta Manresa artean dauden 650 kilometroak 27 egunean egitea proposatzen dute sustatzaileek. Bideari eta etapa bakoitzari dagozkien xehetasunak www.caminoignaciano.org webgunean jarri dituzte, bidearen historia eta bestelako informazioarekin batera.
Azpeitiko Loiola etxean hasten da ibilbidea. Etxe hartan jaio zen Ignazio Loiolakoa, 1491n. Handik Arantzazura jo zuen 1522an.Guardia, Navarrete eta Logroñotik igaro ostean, Tuterara iritsi zen. Handik Zaragozarako bidea hartu, eta Fraga eta Lleida zeharkatu zituen. Montserratera ailegatu ondoren, Manresan bukatu zuen ibilbidea, bi hilabete ingururen ostean.
Azpiegitura aldetik, bidea egun hastapenetan dago. Erromesentzako ostatu gutxi daude zenbait tartetan, eta hobekuntzak egin behar dira seinaleei dagokienez. Gezi laranjen bidez jarrai dezakete erromesek Ignazio Loiolakoak egindako urratsak. Antolatzaileek uste dute urte gutxian Donejakue bidearen pare egongo dela: «Gauzak oso azkar doaz. Gero eta ostatu gehiago daude. Asko deika ari zaizkigu haien ostatu eta jatetxeen berri gure webgunean eman dezagun». Bidearen zati handi bat Kataluniako Donejakue bidearen berbera da, baina aurkako norabidean. Horrek ziurtatzen du bidean zehar jatetxe eta ostatuak daudela. 2022. urterako, Ignazio Loiolakoak bidea egin zuen bosgarren mendeurrena ospatzeko, bidea guztiz egonkortuta egongo dela ziurtatu du Iriberrik.
«Edonork egin dezakeen bidea da». Oinez zein bizikletazegin daiteke Ignazioren bidea. Brinkolatik Arantzazura, eta ondoren Araiara doan tarteak menditsuak dira, bizikletaz egiteko zailtasun handikoak. «Pasarte horiek bizikletatik jaitsita egin daitezke arazorik gabe. Horrez gain, bide gehienak asfaltatuak eta egoera onean daude».
Bidea egin nahi baina osasun arazoak dituztenentzat, edo adineko jendearentzat, eskaintza turistiko bereziak prestatu dituzte. Autoz edo autobusez bizi ahal izango dute Ignazio Loiolakoaren esperientziak. Erromes txartela atera, eta bidean zehar esanahi berezia duten guneetan geldialditxoak egingo dituzte. «Leku horietan bakoitzak bere denbora hartuko du hausnartu eta pentsatzeko. Erromes izan zaitezke berdin-berdin. Guk baliabideak jartzen ditugu, garrantzitsuena norberaren esperientzia da».
Bidea ezagutarazteko momentu ona dela uste du Iriberrik. Europan hamahiru erromes bide daude egun, eta erlijio turismoa gorakadan dago. «Opor mota hauetan zerbait gehiago eskaintzen da: esperientzia bat. Desberdin itzultzen zara etxera. Bidaia mota hauek egiteko gero eta joera handiagoa dago». Turismoa ekonomiaren motorra da, eta Ignazioren bidea egitera ausartuko diren erromesen egonaldiek aberastasuna sortuko dute ibilbideko herrietan. Hurrengo urterako bidearen gida bat kaleratuko dute, eta, denbora igaro ahala, gero eta erromes gehiagok Ignazio Loiolakoaren urratsak jarraituko dituztelakoan daude antolatzaileak.
Bidearen sustatzaileen asmoa ez da Donejakuerekin lehiatzea. «Donejakue bidea egiten duten askok beste esperientzia bat bilatzen dute ondoren. Hurrengo urrats logikoa da Ignazioren bidea».
Ezarian. Inaziotar bidea
Ignazio Loiolakoaren urratsen atzetik
Ignazio Loiolakoak 1522. urtean Loiolatik Manresara eginiko erromesaldia berreskuratu eta Ignazioren bidea aurkeztu du Jesusen Konpainiak. Urte gutxian Donejakue bidearen parekoa izango dela espero dute proiektuaren sustatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu