Nafarroako Unibertsitate Publikoko antropologia sozialeko irakaslea izateaz gain, unibertsitateak irakasten duen ijitoen komunitateko aditu ikastaroan ere klaseak eskaintzen ditu Txema Uribek (Bilbo, 1961). Komunikabideetan ijitoen irudia aztertzen duen zine forumaren eztabaida gidatuko du etzi, Iruneko Civicanen 19:30ean. Komunikabideek ijitoen irudi estereotipatua eta homogeneozatzailea eskaintzen dutela uste du Uribek.
Nolakoa da komunikabideek ijitoez eskaintzen duten irudia?
Irudi estereotipatua eta homogeneozatzailea da komunikabideek eskaintzen dutena, txarra eta estigmatizatzailea. Gainera, badu ezaugarri berezi bat, irudi txar horrek denbora gehiegi irauten du. Duela 600 urte daude ijitoak Euskal Herrian, baina oraindik ezin izan dugu bizikidetza bateratu bat lortu. Eskubide politikoak eta sozialak onartzen zaizkie, baina diskriminatu egiten dira.
Eta zergatik dute irudi txarra?
Komunikabideek mezu eta irudi laburrekin jokatzeko joera dute. Laburra den orok egoerak testuingurutik kanpo ateratzea dakar. Hori egitean erraztu eta laburtu egiten da gertaera, eta kate automatiko horretan errazagoa da adjektibo bat erabiltzea egoera azaltzea baino. Komunikabideak horren jakitun dira, baina halere egin egiten dute.
Adibidez...
Badirudi oso egokia dela jatorriak identifikatzea. Informazio hori eskaintzea egokia den ez dago argi, baina egiten da. Gauza batzuk besteak baino gehiago azpimarratzen dira: gatazka, hondamendia, aldaketa, ezohikoa edo ziurgabea dena. Aldiz, normaltasuna ez da nabarmentzen. Hori herritar ororekin gertatzen da, baina ijitoekin bereziki larria da, estereotipoak indartzen dituelako.
Komunikabideek horrelako joerak saihestu beharko lituzkete, normaltasun eta integrazio elementuak azpimarratuz. Baina ijitoen kasuan, Euskal Herrian oro har eta Nafarroan zehazki, asko kostatzen da hori egitea.
Estereotipoek eta ijitoen irudi txarrak denboran gehiegi irauten duela diozu. Inoiz ez da deus onik esaten?
Bizikidetza baketsu eta orekatu baten adibideak asko dira, baina, halere, ijitoekin aurreiritziak daude. Gure herrian dauden beste talde batzuei erreparatzen badiegu, erraztasun handiagoa dago dituzten balio onak azalerazteko, baina ijitoen artean ikustea kosta egiten zaigu.
Diskriminazioa bikoitza da: ikuspegi txarra azaleratzen da, eta bereizketa egiten da. Fisikoki ere bereizi egiten dira, ezohiko egoera bilakatuz. Azken urteetan gurera etorritako atzerritarrak gure gizartean txertatzen saiatu gara; aldiz, ijitoekin ez da hori gertatzen.
Zer egin daiteke hori saihesteko?
Heziketan egin behar da lan. Ijitoek beraiek jaso behar duten heziketan zein gizarteak ijitoen inguruan jaso behar duen heziketan egin behar da lan, bi komunitateen arteko bizikidetza arrunta izateko. Aniztasuna kudeatzea kosta egiten zaigu. Sistemari kosta egiten zaio talde ezberdinen eskaerak eta eskubideak kudeatzea,eta beste talde batzuen eskubideekin parekatu beharko lirateke. Gurea bezain kultura aberatsa eta askotarikoa dute.
Nola egiten da hori?
Hezkuntza da bizkarrezurra. Komunikabideak ere nahitaezko dira. Komunikabideek ematen dituzten irudiak hilabeteetako lana zapuztu dezakete oso denbora laburrean. Saiatu beharko litzateke gaizkileen inguruko informazioa ematen baina kalifikaziorik gabe.
Hezkuntza dela oinarria eta bizkarrezurra diozu. Badaude bitartekoak heziketa egoki baterako?
Eskola guztietan kulturen arteko bizikidetza eta kultur aniztasuna lantzeko lan ildoak dituzte. Gutxiengo etnikoekin lan egiteko baliabideak eta egitarauak badaude. Hezkuntza sistemaren egituren konpromiso handiagoa falta da, bere lan helburuetan ijitoen komunitatea sartzeko. Gizarte sarean barneratu behar dugun talde gisara ez ikusteko joera dugu. Ijitoak ghettoan bizitzea gehiegitxo ohitu gara, eta hori ezin da onartu.
Emaitzak ikusten ari zarete?
Gero eta ikasle gehiago daude eskolan, eta eskolak jarraitzeko arazo gutxiago dituztenak.
Bitartekaritza programak 10 bat urtean da martxan, eta emaitzak ukaezinak dira. Baina hetereogenetasuna bateratzea oso zaila da. Homogeneotasunera ohituak gaude, eta ez ezberdintasuna onartzera. Onena nirea da, eta ezberdina den oro mehatxu bat da. Baina aniztasuna onartzen dudanean berdintasunean onartu behar dut. Estereotipoak hausteko oinarria hezkuntza da. Batzuetan gizarte zerbitzuak soilik ematen dizkiogu, ordainean deus eskatu gabe. Eskubideak eman behar dizkiegu, baina baita betebeharrak eskatu ere, besteoi bezala.
Txema Uribe. Antropologoa
«Ijitoen irudi txarrak gehiegi irauten du»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu