Bukatu dira eskolak Derrigorrezko Lehen eta Bigarren hezkuntzako ikasleentzat (DBH). Ikastetxeak haurrik gabe, hutsik, gelditu dira iraila iritsi arte. Orain ikasgelaren lekukoa, herrietako eta auzoetako jolas parkeek eta bestelako aisialdi guneek hartuko dute. Atzo bertan ohi baino haur gehiago zebilen Iruñeko San Frantzisko plazako jolas parkean. Kulunketan, txirristan edo baloiari ostikoka pasatu zuten lehen opor eguna hainbat haurrek.
Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko ikastetxean ez zen txintik entzuten atzo goizean. Ikasturtea herenegun bukatu zuten, urtero egiten duten ikasturte amaierako festarekin. Atzo,beraz, lasaitasuna agerikoa zen eraikinean eta ez zebilen inor korridoreetan. Sartu eta harrera bulegoan lasai zegoen Isabel Ollo atezaina. «Hemendik aurrera lasaiago egonen gara. Mugimendu gutxiago dago ikastetxean eta», zioen. San Frantziskon DBHko 451 ikasle ari dira ikasten, gehienak D ereduan. Aurrerantzean lan gutxiago izanen duen arren, haurrek mira eginen diote. «Ikasleak maite ditut, adin hauetan oso politak eta maitagarriak dira». Ikastetxe barruan sosegua zen jaun eta jabe; ez, ordea, kanpoko plazan eta jolas parkean. Han zalaparta, haurren jolasak, joan-etorriak, eta algarak ziren nagusi.
Parkeko egurrezko eserlekuetako batean eserita zegoen Frikirie emakume bulgariarra. Zabuan alde batetik bestera zebiltzan hiru haurri begira zegoen, adi-adi. Ez ditu bereak. «Orain eguna haiekin eman beharko dut, eta lan gutxiago egin ahal izanen dut etxeko lanetan», zioen. Urtebete pasatxo darama lan horretan, eta, aurrerantzean, parkea bere «bigarren etxea» izanen dela dio. «Heldu den astean astebeteko kanpalekura doa zaharrena, baina beste biak nirekin geldituko dira eta parkez parke ibili beharko dut».
Aitona-amonak laguntzaile
Parkearen bestaldean Santiago Aranguren zegoen bere bi bilobekin, Jon eta Libe Origuen. «Aita lanean da, eta ama aurki joanen da. Beraz, nik zaindu behar ditut», zioen haurren bi plantxa gurpildunak eserlekuaren kontra uzten zituen bitartean. Jon eta Libe, hurrenez hurren, bost eta lau urteko haurrak, baloiarekin jolasean ari dira, eta ez dute hitz egiteko betarik ez gogorik. Aurrerantzean lan gehiago izanen duela badaki Arangurenek, baina ez zaio axola. Erretiroa hartuta dago. Alde Zaharrean bizi da, bilobak bezala, alabaren etxetik gertu, eta laguntzeko prest da. «Gustura egiten dut. Haurrak atsegin ditut, eta osasuna ere badut. Beraz, ez dut aitzakiarik. Laguntza eskatzen didaten aldiro etortzen naiz; eta pozik, gainera», dio irribarretsu. Aspertzeko aukerarik gabe, hemendik aurrera, maiz aterako da kalera haurrekin. «Parkera etorriko gara, edo Alde Zaharrean barna paseora aterako gara, betiere eguraldiak laguntzen badigu».
Hirukotearen ondoan bi neska-mutil ari dira elkarri baloia pasaz, jostetan eta hizketan. Izargi eta Xabi Zelaia anai-arrebak dira. Ama musika eskolan den bitartean parkean daude jolasean. Udan ez dute aspertzeko asmorik. «Igerilekura joanen gara, ingelesa ikasteko kanpaldira, oporretara ere bai Santanderrera... Ez gara aspertuko». Ikasturte berria irailaren 5ean hasiko dute. Bi hilabete eta erdiko oporrak dituzte. Ordura arte, hortaz, plan horiek eta bururatzen zaizkien ezin konta ahala egin ahal izanen dituzte.
Plaza giro
Ikasgelatik jolas parkera
Eskolak bukatu dituzte Derrigorrezko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako haurrek. Ikasgelak hustu diren heinean, jolas parkeak haurrez betetzen hasi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu