Lau urte daramatza Jesus Mari Oses irakasleak (Andosilla, 1963), Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Esperientziaren Gelako zuzendari gisa. Zuzendari izateaz gain, ideia politikoen historia eta gizarte mugimendu garaikideak irakasten ditu. Esperientziaren Gela heldu askorentzat bizitzak eskaintzen dien beste aukera bat omen da.
Hamar urte dira NUPen Esperientziaren Gela hasi zela. Zer balorazio egiten duzu orain arte egindako lanaz?
Oso balorazio ona egiten dugu. Unibertsitateko bozeramaile ezin hobeak dira ikasleok. Bolognaren aplikazioarekin, espazio arazoak izan ditugu, eta ikasle hauek tokiz aldatu behar izan ditugu. Gelategitik Sario eraikinera mugitu ditugu. Gelategiko giroa eta ikasle gazteagoekin egoteko aukera gehiago gustatzen zitzaien, baina tokiz aldatu behar izan ditugu.
Zenbat ikasle pasatu dira Esperientzia Gelatik?
Hasi zenean, 2001-2002ko ikasturtean, 60 ikaslerekin hasi zen. Gero kopurua jaitsi egin zen zertxobait, baina azken urteetan 75 ikaslera iritsi gara. Hamar urteotan 600 bat ikasle izan ditugu.
Zein ikasle mota da zuengana hurbiltzen dena?
Ikaslea aldatzen ari da. Hasierako urteetan lanean gazterik hasi eta ikasteko inolako aukerarik izan ez zuten gizonak edo etxean lanean aritutako andreak etortzen ziren batez ere. Baina, denborarekin, hori aldatuz joan da. Erdi mailako titulua duten hainbatekerretiro aurreratua hartu du azken urteetan, eta 53-54 urterekin ez daude lanean. Esperientziaren Gelak aktibo egoteko eta ikasten aritzeko aukera ematen die, eta asko etorri dira. Ikasleak hartzeko jartzen dugun muga bakarra adina da. Esperientziaren gela denez, etortzen direnek gutxienez 50 urte izan behar dute, baina, bestela, ez zaie mugarik ez baldintzarik jartzen. Oso ezagutza gutxiko ikasleak izan ditugun moduan, institutuko irakasleak ere etorri izan zaizkigu. Joera batzuk badaude ere, ez dago soslai zehatz bat, aldatuz doa. Gizartea oso azkar aldatzen ari den bezala, gurean ere soslaia aldatzen ari da.
Zerk bultzatuta itzuli dira helduok ikasgelara?
Eskaintzen dugun lau urteko egitaraua bera dela esanen nuke. Gizarte zientzien esparrua lantzen dugu. Askok entzun dute zerbait filosofiaz, soziologiaz, artearen historiaz edo literatura unibertsalaz, eta gai horiek erakarrita etorri dira. Oso pozik daude eskaintzen zaizkien ikasgaiekin. Hogei ikasgai dituzte lau urteetan, eta, oro har, oso interesagarriak direla esaten dute.
Unibertsitatean ere ematen dituzu klaseak. Alde handia dago ikasle gazteen eta helduen artean?
Ezin saihestuzko zerbait dago tartean, heldutasuna. Ez da gauza bera 60 urte izatea edo 19 urte izatea. Munduaren beste ikuspegi bat duzu. Historiako gai batzuetan, adibidez, gazteek ez dakite zertaz ari zaren eta, helduenek, berriz, gai asko bizi egin dituzte. Bestalde, gazteagoengan ikasteko motibazio gutxiago ikusten dut. Baina egia da ere bi gazteen etorkizuna munduari irekia dela eta helduena itxiagoa dela. Biak dituzten prespektibak eta errealitatea ezberdinak dira, batzuk ez dira oraindik iritsi lan merkatura, eta besteek bide hori bukatu dute.
Esperientziaren Gelaren etorkizu- na ziurtatuta dagoela esan daiteke?
Zorionez, urtez urte, gero eta jende gehiago etortzen da. Jarraipena eta etorkizun oparoa ziurtatuak daudela esanen nuke. Ikasleak dira dugun propaganda hoberena. Batzuk beldurtuta etortzen dira, baina gero gustura egoten hasten dira, irakasleekin zein beste ikasleekin. Ikasleak elkarrekin bazkaltzera, afaltzera, txangoak edo ikas-bidaiak egitera joaten hasten dira. Bizitzak eskaintzen dituen aukerak aurkitzen hasten dira berriro.
Jesus Mari Oses. NUPeko Esperientziaren Gelako zuzendaria
«Ikasleak dira dugun propaganda hoberena»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu