Mikel Goñi. Eureka! museoaren dibulgazio arduraduna

«Ikasleak dira museoaren jardueraren zutabe nagusia»

XABIER MARTIN.
xabier martin
Donostia
2011ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Mikel Goñik apenas hartzen duen atsedenik egunotan. Beti dago tailer berri baterako, erakusketa berri baterako edota instalazio berri baterako proiektuan sartuta. Eureka! museoa etengabe berritzen da, eta edukien berrikuntza horretan Goñi da arduradun nagusietako bat.

Gaur ere parkinga autobusez gainezka dago. Eureka! museoan ez dituzue bisitariak faltan.

Ez, egia esateko ikasleak dira gure jardueraren zutabe nagusia, horretan inbertitzen dugu gure denbora gehiena eta ahalegin handiena.

Funtzio didaktikoa da hortaz, zuen zeregin nagusia?

Bai, baina atal desberdinetan. Guretzat oso garrantzitsuak dira ikasleak eta baita irakasleak ere, baina ez dira bakarrak. Gurera familia osoak datoz, adibidez, eta zientziaren komunikazio soziala ere bada gure ardura. Hitzaldiak eta ikastaroak antolatzen ditugu esaterako; baina bai, hezkuntza mundua gakoa da guretzat.

Urtero zenbat ikasle hartzen dituzue?

Hamar urtetan ia milioi erdi baten bisitak izan ditugu, urtero batez beste 40.000 ikasle inguru. Eureka! da Euskal Herriko museorik bisitatuena ikasleei dagokienez. Beraz, esan dezakegu egiten dugun lanak, egiten dugun ereintzak, bere fruituak ematen dituela gero.

Hezkuntza sare osoarekin harreman handia izango duzue, ezta?

Bai, ongi antolaturik dugu hori. Orain hiru urte Suspertu hitzarmena sinatu genuen, irakasleen etengabeko trebakuntza bultzatzeko, eta horrek badu bere garrantzia ere ikasleengan.

Zer nolako gaiak dibulgatzen dituzue zientziaren baitan betiere?

Denetarik, baina gaur-gaurkoak direnei lehentasuna emanez. Mundu garaikideko zientziak, jasangarritasuna eta energia iturri berriztagarriak, kimikaren urtean kimikari buruzkoak… askotarikoak dira. Iaz urterik emankorrena izan genuen irakasleak trebatzeko eginkizun horretan, 147 etorri zitzaizkigun.

Nola barneratu gazteak oso konplexuak izan daitezkeen zientziaren edukietan?

Ulertzeko zailak izan daitezkeen eduki potolo horiek errazten saiatzen gara beti, eta horretarako 180 modulu interaktibo ditugu, fisika, kimika eta beste diziplinetako oinarrizko printzipioak ikus ditzaten, azter ditzaten, ukituz esaterako. Lanabes didaktikoak eraginkorrak dira. Eta horrez gain, tailerrak ditugu; tailerrak gure tresna garrantzitsuenetakoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.