OSAGAIAK
4 pertsonarentzako osagaiak:
300 g arkume erre.
Dozena bat txanpiñoi.
Oliba olio birjina.
Bi baratxuria ale.
Lau brick orri.
Gatza.
Ikusten duzunez, gaurko errezeta bitxia dugu. Arrazoia zera da, askotan bazkari berezien ostean arkumea sobran gelditzen zaigula. Soberakin hori aprobetxatuz, plater polit bat egiteko aukera emango dizuet gaur.
• Errezetarekin hasiz, bezperako edozein arkume pusketa hartu, eta hezurra eta azala kenduko dizkiogu. Ondoren, pusketa hori, labanaren laguntzaz, dado txikietan moztu eta gorde.
• Txanpiñoiak garbitu eta xafla finetan moztu. Baratxuria zuritu eta aleak ere xaflatan moztu.
• Zartagin bat sutan berotzen ipini, oliba olio zorrotada batekin, eta beroa dagoenean txanpiñoi eta baratxuri aleak gehitu. Gatz pitin bat bota eta pare bat minutuz su bizian frijitu. Segidan, arkumea gehitu eta sua pixka bat moteldu. Beste pare bat minutuz erregosi. Ondoren, plater batera atera, eta epeltzen utzi.
• Poltsatxoak egiteko brick hostoak hartu, eta hosto bakoitzaren erdian koilarakada pare bat arkume eta txanpiñoi ipini. Ondoren, ertzak tolestuz poltsatxo karratu bat osatu. Horrela jarraitu lau poltsatxoak osatu artean. Poltsak labeko erretilu batean jarri.
• Labean sartu —aurretik beroa izango dugu labea—, eta 200 gradutan lau bat minutuz eduki.
• Bukatzeko, plater bakoitzean poltsa bana jarri, eta, eduki ez gero, aurreko eguneko arkumearen saltsa berotu eta gainetik bota dezakegu. Bestela, entsalada bat ondoan ere ederki gelditzen da.