Bihar abiatuko da transbordadoreen azkenaurreko misioa. ISSra eramango ditu Endeavourek bost astronauta, Alfa Espektrometro Magnetikoa —partikulen fisikaren arloko esperimentuak egiteko modulu bat— eta ExPRESS garraiatzaile logistikoa —astronautei espazioko hutsean esperimentuak egiteko azpiegitura emango dien plataforma bat—. Eta, handik bueltan, behin betiko hartuko du erretiroa. Discoveryk joan den martxoan amaitu zituen bere lanak, eta Atlantisek uztailean itxiko du betiko NASAren transbordadore espazialen aroa.
Apollo misioak eta ilargiratzeak amaituta, NASAk 1980ko hamarkadatik izan duen ikur handiena izan dira transbordadoreak. Koheteei atxikita espazioratzen ikusi ditugu, eta hegazkinen pare lurreratzen. Ez da existitu hori egiteko gai zen beste espazio ontzirik.
Errusiarren Soiuz koheteak, gizakia espaziora eramateko gai diren beste ontziak, behin erabiltzekoak dira: modulu bakarra itzultzen da Lurrera, eta paraxutari lotuta egiten du; pasiboa da lurreratzea. Transbordadoreak, aldiz, osorik lurreratzen dira, hegazkinak bezala, eta itzuli denaren zati handi bat berrerabil daiteke. Ikuspegi teknikotik eta ekonomikotik egokiena, eraginkorrena eta seguruena zein den alde batera utzita, ezin da ukatu NASAren transbordadoreek irabazi dutela marketinaren partida. Irudi liluragarriak sortu dituzte gure begien eta irudimenaren erretinetan.
Alabaina, espazioaren esplorazio tripulatua ez da behinola izan zena. NASA ez dago lilura handietarako, eta, uztailean, errealitate bihurtuko da transbordadoreen programa abiatu zenean pentsaezina zena: errusiarren ontziak beharko dituzte estatubatuarrek espaziora joateko. Ez da gertaera berria izango, lehenago ere bidaiatu baitute astronauta estatubatuarrek errusiarren ontzietan; besteak beste, Columbia transbordadorea suntsitzeak programa eten zuenean, 2003an. Baina, 1981etik testuinguru geopolitikoa goitik behera aldatu den arren, irudi ahaltsua izango da hau ere.
Izan ere, egin kontu: AEBek ez dute izango beren kabuz astronautak espaziora eramateko bitartekorik. Errusia, eta, neurri batean, Txina bakarrik izango dira horretarako gai. Ordezko ontzirik prest izan gabe erretiratu ditu transbordadoreak NASAk, jakinda beste bost urtez gutxienez ez dituztela izango, eta, epealdi horretan, edo Soiuzetan edo —aurrera ondo egitekotan—, enpresa pribatuen ontzietan eraman beharko dituztela astronautak. Eta, izatez, merkeagoak atera zaizkie dagoeneko 2013rako eta 2014rako erosi dituzten Soiuzetako sei eserlekuak (335 milioi dolar, transbordadore baten hegaldia kostatzen den 450 milioi dolarren ondoan), baina ez da hain marka ona. Edo, beharbada, bai, dirua aurreztea ondo ustiatuz gero... Nahiz eta nagoen jende gehienari berdin-berdin zaiola astronautak espaziora joaten ote diren ere, esplorazio espazial tripulatuak lilura izpirik ez duen garai honetan.
Edonola ere, 2011n NASAren ikur handi bat desagertuko da espaziotik, eta museoetara pasako dira osorik geratzen diren hiru transbordadoreak. 1981eko apirilaren 12an aireratu zen lehen transbordadorea, Columbia, Juri Gagarinen bidez gizakia espaziora iritsi eta hogei urtera justu. Hogeita hamar urte eta 37 hegaldi geroago, erretiroa hartuko dute espaziotik, baina ez lanetik: espazio bidaiek galdu duten lilura berreskuratzea izango dute misio.
Ezarian. Zientzia. Argi aldian
Ikur baten amaiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu