Argi dago: sanferminei ezin zaie mozalik jarri. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia saiatu zen ikurrinari betoa jartzen —«lege iruzurra» zelakoan— baina Streisand efektuaren azken adibide bihurtzea izan da sententzia horren lorpen bakarra. Izan ere, inoiz baino ikusgarriagoa izan zen ikurrinaren presentzia atzoko txupinazoan, bai udaletxeko balkoian, baita plazan ere. Ikurrinarekin batera, beste hamaika pankarta ere ikusi ahal izan ziren itsaso gorriaren gainean, eta sanferminen hasiera aldarrikapenen koloreekin tindatu zuten herritarrek.
Balkoian ere tokia egin zioten ikurrinari. Bost haga paratu zituzten, eta, horietan bermatuta, lau bandera: Iruñekoa, Nafarroakoa, Espainiakoa eta Europakoa. Hutsik geratu zen bosgarren masta, ikurrinaren zain. «Erreferentziazko tokietako bat hutsik utzi dugu era sinbolikoan, gizartearen pluraltasuna islatzeko», azaldu zuen Iruñeko Udalak ohar batean. Ikurrina, baina, era ez-ofizialean azaldu zen balkoietako batean, EH Bilduko zinegotzien eskuetan.
Ordurako, borborka zegoen plaza, txupinazoaren zain. Eguzkiaren izpiak eta tenperatura altua akuilu izan ziren milaka pertsonendako, eta ardo, sangria eta xanpaiez hazitako errekasto apardun batek estaltzen zuen plazako zorua. Inguruko etxeetatik jaurtitzen zituzten ur ontzikadek soilik freskatzen zuten, apur batez, giroa.
Udaletxeko erlojuak hamabiak jotzeko bi minutu falta zirela atera ziren atabalari eta kornetariak, udal ordezkarien aurrekari gisa. Jesus Ilundain Zaragueta Tuli-k piztu zuen suziria. Formula klasikoa erabili zuen festari ongietorria egiteko: gaztelaniaz lehenik, euskaraz gero. «Iruindarrak, gora San Fermin!», oihukatu zuen, hitzak ahoan trabatzen zitzaizkiola. Gaztelaniazko bertsioan, baina, usadioari izkin egin zion, pamplonesas forma femeninoa lehenetsita. «Andreei eta, bereziki, indarkeria pairatzen duten emakume horiei omenalditxoa egin nahi izan diet», esan zuen 85 urteko gizonak, txupinazoaren ostean.
Tulirena, ordea, ez zen emakumeen aldeko aldarrikapen bakarra izan. Suziria pizteko minutu gutxi falta zirela, hainbat kolektibo feministak pankarta beltz handia sartu zuten plazara, autodefentsa feminista leloarekin. Horren aldamenean, ikurrin erraldoi bat, Nafarroako bandera eta presoen aldeko pankarta handia, aldarrikapenak festaren erakusleihora eramateko lehia alaian. Aranzadi taldeko zinegotziek ere aukera baliatu zuten, errefuxiatuen aldeko bandera zintzilikatzeko.
Aniztasuna udaletxean
Udaletxeko plaza ideologia eta jatorri ezberdineko herritarren bilgune izan zen bezala, udaletxea bera ere pluraltasun horren isla izan zen atzo. Alderdi guztietako politikariak, gizarte eragileak, gobernuz kanpoko erakundeak eta bestelako gonbidatuak bildu ziren udaletxean.
Han izan ziren, besteak beste, Paris 365 jantoki soziala kudeatzen duen Gizakia Herritar fundazioko kideak, sanferminetako peñen ordezkariak, Oberena taldeko dantzariak, Sanferminak Berdintasunean plataformako ordezkariak eta PAH Hipotekak Kalte eginikoen Plataformako ekintzaileak. Nafarroako Gobernuko hainbat eledun ere gonbidatu zituzten; esate baterako, Uxue Barkos lehendakaria eta bi lehendakariordeak: Manu Aierdi eta Miguel Laparra. Azkenik, Nafarroako Legebiltzarreko presidente Ainhoa Aznarezek ere txupinazoa bertatik bertara segitzeko aukera izan zuen, zenbait udalerritako alkateekin batera.
Sanferminak
Ikurra balkoian, aldarria plazan
Aldarrikapenez beteriko txupinazoa bota dute Iruñean. Ikurrina ez dute ofizialki udaletxeko balkoian paratu, baina banderak presentzia nabarmena izan du festaren lehen minutuetan. [youtube]https://youtu.be/JyRUN_DinEQ[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu