Bilboko Aste Nagusia

Ikurrinaren aldeko aldarria

Euskal ikurrari omenaldia egin diote konpartsek. Hala, Espainiakoa ez dutela nahi esan dute

Bilbo
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Azken urteotan egin den bezala, Bilboko Aste Nagusiko egun handiaren bezperan ikurrinari omenaldia egin zioten atzo konpartsek. Arratsaldeko sei eta erdian bildu ziren ehunka lagun Arriaga Antzokiaren aurrean. Aurten, baina, udaletxera abiatu beharrean, hango plazan egin zuten ekitaldia.

Marijaia, Virginia Berasategi pregoilaria eta Nerea Orizaola txupinerak egon ziren ekitaldian. Izan ere, azken bi horiek jaso zuten Areatzan egon ohi den ikurrina. Momentu horretan, «espainola ez! ikurrina bai!» leloak entzun zitezkeen ikusle guztien artean.

Euskal Herriko bandera ondo igo ostean, konpartsetako kide banak aurreskua dantzatu zuen, puxika zuri, gorri eta berdeak eskeutan zituztela. Bukatzean, ostera, horiek askatu, eta ikusleen gaineko zerua ikurrinaren koloreko mosaikoa bihurtu zuten. Ikurrina euskal herritarron nortasuna adierazteko ikurra dela aldarrikatu zuten, eta, horrekin batera, bandera hori betirako bertan geratzeko deia egin zuten omenaldiaren deitzaileek.

Arriaga antzokiko plaza euskal kulturaren adierazle bihurtu zen atzo. Izan ere, ikurrinari omenaldia egiteaz gain, Irrintzi konpartsak euskal dantzen erakustaldia antolatu zuen. Hala, arratsaldeko seietatik aurrera, Trabuko dantza taldearen ikuskizuna ikusteko aukera izan zuten hara bildutako lagunek.

Banderen liskarrak

Garai batean, istilu handiak izaten ziren Bilboko Aste Nagusian Espainiako bandera udaletxean jartzen zuten egunean; ospakizunetako ostiralean, hain zuzen. Iskanbila horiek saihesteko helburuarekin, bezperan ikurrinari omenaldia egitea erabaki zuten konpartsek.

Aspaldi aritu ziren udaletxean, festen egun handian ikurrinarekin batera, espainiar bandera jasotzen. Hala ere, 2008tik aurrera, EAEko Auzitegi Nagusiaren aginduz bi ikur horiek beti daude eskegita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.