Sorginen laratza saioan egin zen ezagun Jon Artano (Zestoa, Gipuzkoa, 1978) ETB1eko ikuslearentzat. Beste hainbat lanetan aritu ostean, duela bi urte Hitzetik hortzera zuzentzeko deia jaso zuen.
Zertan berritu duzue Hitzetik Hortzera denboraldi honetan?
Berrikuntzarik bistakoenak irudietan egin ditugu. Grafismoa berria da; estetika aldaketak egin ditugu ataletan, eta errealizazioa berria da. Platoa ere berria da. Grabatzeko moduan ere zenbait gauza ari gara probatzen.
Iaz, talde osoak aurkezten zenuten programa. Aurten, zu zara aurkezle bakarra. Animatuta al zaude aurkezletarako?
Bai, animatuta nago. Gogoz hartu dut, eta, gogoz hartzen ez badut, nekez egingo dut ondo.
Kamera aurrean trebatuta zaude, behintzat.
Ez pentsa. Horrelako eskakizuna duen ezer ez dut egin lehenago. Lantegi handi samarra da hau. Nahi nioke platoko tarteari esentzia atera. Dozena bat minutu dira gonbidatu batekin. Asmatzen badugu elkarrizketatua eroso sentitzen eta hitz eginarazten badiogu, zerbait ikasiko dugu. Haien jakituriaz gozatu nahiko nuke.
Zer moduz joan zen Andoni Egañarekin aurreneko elkarrizketa?
Urduri samar nengoen. Lantokia eta lan moldeak aldatu ditugu. Egokitzapenak gutxitan izaten dira errazak. Eta hasiera zail samarra izaten ari da. Gaurko programan Amaia Agirre bertsolaria elkarrizketatuko dugu. Aste bakoitzeko edukiak asteazkenetan Facebooken aurreratuko ditugu.
Atal bat sortu duzue ikusleek bertsoak bidaltzeko. Zer moduz doa hori, eta zer asmorekin jarri duzue martxan?
Gaur egun, teknologia berrien demokratizazioa dela eta, edonork sakelako telefono batekin graba dezake bertso bat. Ugaritu egin dira horrelako grabazioak. Batzuk erredakziora iristen zaizkigu, eta beste batzuk Interneten aurkitzen ditugu. Noski, ikusi eta gero, aztertu egiten dugu bertsozaleentzat erakargarriak zein diren eta ekarpenen bat zeintzuk egiten duten. Esan dezakegu freskura puntu bat ematen diola saioari.
Bertsoa.com-eko erredakzioarekin elkarlanean lau programa egingo dituzue. Nolakoa izango da elkarlan hori?
Iaz bi saio egin genituen elkarrekin, eta aurten lau. Gure irudiak Bertsoa.com webgunean jarriko dituzte, eta haiena guk telebistan emango dugu. Iruditzen zait denok aterako garela irabazten esperientzia honekin. Eneritz Urkola da biok lotuko gaituen katebegia, bi erredakzioetan ari baita aldi berean lanean.
Lan taldean azken urteetan Amaia Uribe bertsolari eta kazetaria aritu da. Duela bi urte bera izan zen aurkezlea. Jarraituko al du aurten?
Ez. Aukeratu egin behar izan zuen albistegien eta Hitzetik hortzera-ren artean, eta azkenean albistegietan gelditu da.
Urte askoan bazkal ostean eman dute programa. Aurten, berriz, 21:00etatik 22:00etara emango dute. Ordu aldaketa mesederako izango al da?
Hala nahiko genuke. Urteetan, Bertsozale Elkartearen eskaera izan da ordua aldatzea. Nik uste dut oraingoa oso ordu aproposa dela.
Hitzetik hortzera-ren lehen emanaldia ETB3n egin izan da bolada batean. Aurten ere emango al dute saioa kate horretan?
Bai, baina lehen emanaldia ETB1en izango du. Errepikapena ETB3nizango da, asteazken gauetan, 23:30ean. Ordu hori ere ez da hain txarra.
Aipatu duzue Facebooken aurrerapenak egingo dituzuela. Sare sozialak baliagarriak zaizkizue saioko edukiak zabaltzeko?
Bai, sorpresa ederrak izan ditugu alde horretatik. Eta ez bakarrik jendearen iritziak jasotzeko orduan. Iaz, adibidez, Lekeitioko neska batek duela 25 urteko saio bat bidali zigun Facebook bidez. Aurrera begira martxan jar ditzakegun lehiaketetarako, esate baterako, oso aproposak izan daitezke sare sozialak. Saltsa pixka bat sortzeko egokiak dira.
Hitzetik hortzera-tik kanpo, trataera duinik ba al du bertsoak telebistan?
Ez dakit trataera handirik ere baduen. Behintzat, prime time-an, ordubeteko programa du. Urte askoan egon dadila, eta, ez badago, hobeak etor daitezela.
«Ikus-entzuleen bertsoek freskura puntu bat emango diote saioari»
Zuzendaria izateaz gain, saioko aurkezlea ere bada joan den igandetik Artano. Platoan gonbidatu berezi bat izango du astero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu