Ez da gaixotasun bat, zahartze-prozesuaren ondorio logikoa baizik. Urteak aurrera doazen heinean, gure begiak enfokatzeko duten gaitasuna galduz doaz, ikusmenak ondo funtzionatzen ez duen unea iristen den arte. Orduantxe hasiko gara presbiziaren arazo nagusia, gertu dauzkagun objektuak behar bezala enfokatzeko zailtasuna alegia, sufritzen.
Begiak argazki-kamera baten antzekoak dira
Ikusmen nekatua zergatik gertatzen den jakiteko, begien barne-funtzionamendua ulertu beharra dago.
Lente-sistema bat
Begiek bi eratako lenteak dauzkate: kurbadura finkoa duen lente bat begiaren kanpoaldean (kornea esaten zaio), eta zein distantziatara begiratzen den kontu, kurbadura aldatzen duen beste lente bat barrualdean (kristalino izenarekin ezagutzen dena). Akomodazioaren mekanismoa martxan jartzeko, kristalinoari lotua dagoen muskulu bat erabiltzen du begiak (muskulu ziliarra). Muskulu horrek, urteekin, eraginkortasuna galtzen du, eta, beraz, begiak gero eta zailtasun gehiago dauzka gertuko objektuak behar bezala ikusteko.
Sintomak
Ikusmenaren narriadura pixkanaka gertatzen da 40 urtetik aurrera, baina 5 edo 10 urte beharko ditu pertsonak zailtasun horretaz konturatzeko, kristalinoak enfokatzeko duen gaitasuna erabat galtzen duen arte. Orduan nabaritzen dira aurreneko sintomak:
• Gertuko objektuak ikusteko zailtasuna (letra zirriborrotsuak)
• Neke bisuala (begiko lehortasuna eta deserosotasuna, begirada finkatu ondoren)
• Lehendik dauden akatsak (hipermetropia edo astigmatismoa, esaterako) areagotu egiten dira, eta horrek urruneko ikusmena ere okerragoa izatea dakar
• Irakurri nahi diren liburuak edo aldizkariak gero eta urrunago kokatu beharra
Nola zuzendu?
Une honetan, medikuntzako aurrerapen berriekin etorkizunean zer gerta daitekeen ez baitakigu, ezinezkoa da kristalinoari gertuko objektuak enfokatzeko duen gaitasuna itzultzea, baina bai, metodo estatiko bidez (antiojo eta lentilla) gaitasun hori ordeztea.
Lente monofokalak
Ohiko antiojoak erabili ohi dira, armazoi edo eustoin normalekoak, alegia edo baita ilargi-erdi modukoak ere (urrutira enfokatu nahi denean, lenteen gainetik begiratu ahal izateko).
• Norentzat: denbora luze samarrean begiradari finko eutsi behar dioten pertsonentzat gomendatzen dira (irakurri, idatzi edo ordenagailu aurrean aritu...), edo baita urrutiko ikusmena eragozten duen beste akatsen bat duten pertsonentzat ere.
• Eragozpenak: Begirada altxa eta urrutira enfokatuz gero, zorabioak edo bertigoak sor daitezke.
Lente bifokalak
Lentea bi modutan dago graduatua: urrutira ikusteko goiko aldean, eta gertura ikusteko beheko aldean.
• Norentzat: urrutiko nahiz gertuko ikusmena txandaka erabili behar dituzten pertsonentzat.
• Eragozpenak: hasieran, ez da erraza lente bifokaletara egokitzea, ibiltzean edo eskailerak igo eta jaistean batez ere. Tarteko distantzien ikusmena ez da iristen % 100 garbia eta aratza izatera. Bi ikusmen-graduazioen arteko marra banatzailea ikusi egiten da lentean, eta hori antiestetikoa gerta daiteke. Horregatik guztiagatik, apenas erabiltzen dira.
Lente progresiboak
Lente bifokalen ikusmen bera eskaintzen dute, baina lentearen barruan ez da marra banatzailerik nabaritzen: urrutiko ikusmenetik gertuko ikusmenera, eta alderantziz, progresiboki pasatzeko modua eskaintzen dute, eta ia nabaritu edo konturatu gabe gainera. Tarteko distantzietara ere ikusmena ona izaten da lente progresiboekin.
• Norentzat: bai urrutitik, eta baita gertutik ere ikusmen ona behar duten pertsonentzat.
• Eragozpenak: lente bifokalak baino garestiagoak dira, baina horiek baino ikusmen garbi eta aratzagoa ematen dute. Bifokalak baino estetikoagoak dira.
Ukipen-lenteak
Badira estetikagatik edo erosotasunagatik betaurrekoak erabili nahi ez dituztenak. Horientzat gero eta perfekzionatuagoak dauden lentillak gomendatzen dira. Bi eratakoak daude merkatuan:
Monofokalak
Betaurreko progresiboek bezala funtzionatzen dute, bi begiekin urrutira nahiz gertura ikusteko modua ematen dutelako.
Ikuspen bakarrekoak
Bi lentilla diferente erabiltzen dira. Begi batean gertutik ikusteko lentilla jartzen da, eta beste begian urrutitik ikusteko lentilla. Gerta daiteke gertuko ikuspenerako lentilla bakarrik behar izatea, pertsonak urrutira ondo ikusten duelako. Kasu horretan begi bat (lentilla daramana) baliatzen da gertutik ikusteko eta beste begia urrutira ikusteko.
Kirurgia
Gaur egun teknika kirurgikoa erabat aurreratua dago, arazoa behin betiko eta erabat konpondu ahal izateko. Zenbait teknika erabiltzen dira.
Laserra
Ebakuntza kirurgikoa egiteko teknikarik egokiena, presbiziaz gain miopia edo hipermetropia duten 55 urtetik beherako pertsonentzat. Graduazioak handiak badira, teknika monofokala erabiltzen da, alegia begi bat urrutiko ikusmenaz arduratzeko operatzen da, eta bestea, berriz, gertuko ikusmenaz arduratzeko. Pazientea ez da desberdintasun horretaz konturatzen, ikusmen garbia eta aratza lortzen baitu distantzia guztietan. Ikusmen-akatsak arinak badira (graduazio apalekoak), teknika multifokala erabiliko da, alegia bi begiak urrutiko nahiz gertuko ikusmenerako operatuko dira.
Lente multifokalaren ezarpena
55 urtetik gorako pertsonen kasuan, hondatutako kristalinoa beste kristalino artifizial batekin ordezten da, eta kristalino foku anitzeko edo multifokal horrek ikusmen ona eskaintzen du, gertutik bezala baita urrutitik ere.
Farmaziako betaurrekoak, irtenbide egokia?
Merkeak dira, ez dute aldez aurretik ikusmena graduatzea edo espezialistarengana joatea eskatzen (nik neuk aurre-pauso hori beti gomendatuko nukeen arren), eta diseinu eta koloreen aldetik nahi adinako aniztasuna dago, gustukoena aukeratzeko. Horrela esanda, eta kanpotik ikusita, irtenbide egokia dirudite ikusmen nekatuaren kasuan, baina benetan eraginkorrak al dira?
Kalitate eskasa.
Optikari eta optometristen (ikusmen-neurtzaileen) elkarteek ez dute begi onez ikusten aukera hori, aurrez muntatuta datozen betaurreko horien fabrikazioan erabilitako lenteak kalitate optiko txarrekoak baitira, haien ustez. Teknikoki ez dira graduazio estandarreko lupa handitzaileak besterik, eta ez dira erabiltzaile bakoitzaren premietara egokitzen. Estuasun jakin edo puntual batetik ateratzeko, gaitz erdi, baina luzarora hobea da azterketa pertsonalizatuagoa egingo dizuten zentro batera joatea.
Supermerkatuetan.
Aurreko erreparoa gutxietsi gabe ere, bada beste bat: leku desegokietan saltzen direla, ez farmazietan bakarrik, baita gasolindegi, supermerkatu, bazar eta antzekoetan ere. Adituak emango lizkiokeen aholku eta oharrik gabe joango da eroslea etxera.
Kontrol sanitariorik ez.
Lente horiek plastiko injektatuz egindakoak izaten dira, inolako tratamendurik gabe. Kalitate optiko eskasekoak bihurtzen ditu.
Osasuna. Medikuntza
Ikusmen nekatua
Zenbakiak eta letrak 'dantzan' nabaritzen badituzu, edo irakurtzen ari zaren liburua gero eta urrunago jarri behar baduzu, seguruenik presbizia edo ikusmen nekatua izango duzu. Antiojoekin, ukipen-lenteekin edo, berrikiago, laser kirurgiarekin erraz samar konpontzen da trastornoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu