Haitzak kemena gogorarazten du. Berdegune zabalek, bakea. Basoak, misterioa. Historiak, zirrara. Hori guztia biltzen da Santa Teodosia baselizaren ondoan, Arabako toki ikusgarrienetako batean. Entzia mendilerroan dago, Urbasa mendilerroaren luzapenean, eta egun osoa igaro daiteke hura ikusten. Inguru hartako herritarren topalekua izan da mendeetan, eta antzinako bideak jarraituta hara heltzen zirenekere, atseden hartzeko tokia izan zuten bertan.
Done Bikendi Haranetik bi kilometro eta erdira dago Santa Teodosia, errepide aldapatsua jarraituta. Baselizako atarira heltzean paisaia begiratzea derrigorrezkoa da. Atariaren aurrean haitz malkartsuak daude. Atzean, basoa. Ezkerrean, belardi zabala. Eskuinean, harana. Orain dela hilabete inguruko elurtearen hondarrak ikus daitezke oraindik han-hemenka.
Itsas mailatik 1.060 metrora dago baseliza, inguruko mendi altuena baino ehun eta hogei metro baxuago. Datu horrek han egin daitezkeen ibilaldien aberastasuna erakusten digu. Ez da aldapa ikusgarririk igo behar hango basoetan murgiltzeko. Hamaika bide daude pagadi artean, hango artzainek zein mendizaleek urteetan egindakoak. Erroitegi, Iturrieta, Sabando... Inguruko herrietatik ibilaldi politak daude Santa Teodosian hasita.
Inguruko zuhaitzen artean badaude azpimarratu beharrekoak. Baselizaren ondoan 13 lizar daude, eta horietako bat Zuhaitz Bereziizendatu zuten orain hamabi urte. Ia 24 metro luze da lizar hori, 18 metroko zabalera du adaburuak, eta enborrak, 5,4 metro.
HISTORIAREN LEKUKO. San Adriango tunelaren eta Ebro ibaiaren artean dago Santa Teodosia, eta horien arteko bideak igaro izan dira handik. Lautadan zein haranean zeuden liskarrak saihesteko ahaleginetan, bide garrantzitsua izan zen XI. eta XII. mendeetan. Merkataritza bide ezaguna ere izan zen Erdi Aroan, Ebro ingurutik Agurainera, eta, handik, San Adriango tuneletik iparraldera. Handik igarotzen zirenen ibiltarien babesleku izan zen hainbatetan Santa Teodosia. Ekaitzaren ondorioz galdutakoak baselizaren ondoan ostatu hartu, eta bidea erakusten zieten hango ermitauek.
Toki batetik bestera zihoazen ibiltarientzat garrantzitsua zen San Teodosia baseliza, baina haraneko biztanleentzat are garrantzitsuagoa. Santa Teodosia Kofradia da horren lekuko, mendeetan aldatu egin den arren. «Elkarri babesa ematea eta laguntzea zen kofradiaren helburua garai batean», azaldu du Pedro San Vicentek, kofradiako kideak. Topaleku bihurtu da kofradia gaur egun, eta, izaera erlijiosoa mantendu arren, herrien garapenean laguntzen du orain. Kofradiakoek igandero irekitzen dute baseliza.
Maiatzaren 7an biltzen dira kofradiako kideak han. Erromeria nagusia irailaren hirugarren igandean da, ordea. Eskerrak emateko jaia zen garai batean, uztaren ostekoa baitzen. Ezagunena da gaur egun, eta jendetza bildu ohi da. Topaleku baino zerbait gehiago da duela lau urtetik, ordea. Santa Teodosiatik Santa Teodosiaraizeneko ibilaldia egin dute inguruko biztanleek azken urteetan. Done Bikendi Haraneko baseliza- tik Muesko baselizaraino, bi herri horien biztanleen gozamenerako.
MAEZTU, SARBIDE APARTA. Santa Teodosia baseliza bezain ikusgarria da inguru guztia. Hainbat bide dago bertara heltzeko. Done Bikendi Haranetik errepide bat ateratzen da. Beste bide are ikusgarriago bat heltzen da hara, ordea. Maeztutik Arabako Mendialdean murgiltzen den errepidea. Azazetako mendatea gainditu ondoren, Maeztun ezkerrera ateratzen den bideari jarraituta, inguru harrigarria agertzen da.
Elortzatik igarotzen da errepidea, lehoi baten burua ematen duen haitz handi baten azpitik. Putzu ederrak daude errepidearen ezkerraldean. Hainbat herri txiki agertzen dira errepideak gora egin ahala: Zekuiano, Areatza eta beste. Entzia mendilerroan sartzen da bidea. Ikuspegia aldatuz doa, poliki-poliki. Erroitegiraino doa errepidea, eta, eskuineko errepidea hartuta, Santa Teodosiara heltzeko bidegurutzea dago kilometro gutxira.
Auto barruan errepide horietaz gozatzeko aukera dago. Autoa utziz gero, gozamena handiagoa da. Bizikleta da errepide horiek ezagutzeko ibilgailu egokiena. Maeztutik Arientzarako bidea aldapa gora den arren, hortik aurrerako bidea nahiko laua da. Izan ere, baso artean igarotzen den errepidetik egiten da. Opakua mendateraino heltzen da errepidea, eta, handik, Arabako Lautadara joateko aukera dago. Misterioa, zirrara, historia... Denetik dute inguru horiek.
Ikuspegi aparteko topalekua
Bertakoen zein ibiltarien babesgune ezin ikusgarriagoa izan da urteetan Santa Teodosia baseliza, Arabako Mendialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu