Mende bat igaro berri da Titanic itsasontziak izozmendi bat jo eta Atlantikoko ur izoztuetan hondoratu zenetik, Ternuako (Kanada) kostaldetik 150 kilometro ingurura. Denbora tarte horretan, etengabe hedatu da transatlantiko ezagunaren inguruko mitoa, «mende batez egunero idatzi baita zerbait Titanic-en inguruan», dio Jose Antonio Reyerok. Hark ere gaia aintzat hartu, eta R.M.S. Titanic. Las verdaderas razones del hundimiento liburua idatzi du, eta R.M.S. Titanic. Nola eraiki eta zergatik hondoratu zen erakusketa antolatu. Biak ere atzo aurkeztu zituen, Bilboko Itsasadarra itsas museoan. Erakusketa bertan egongo da 2013ko urtarrilaren 13ra arte, eta Titanic-en eraikuntzaren inguruko azalpenak emango dituzte, istripuaren sekuentzia eta arrazoiak azaltzeaz gain.
«Titanic-en ahultasuna eraikitzeko erabilitako iltzeetan topa daiteke», Reyerok azaldu duenez. Ontziolen eraikuntzako aditua da, eta itsasontzia zergatik hondoratu zen ikertzen aritu da. «Brankan eta popan jarri ziren iltzeak kalitate eskasekoak ziren, era horretako itsasontzi batentzat onartezinak». Altzairuzkoak izan beharrean, burdinazkoak ziren. Eta horrek eragin zuzena izan zuen istripuan eta haren ondorioetan. «Titanic-en brankak ukitu besterik ez zuen egin izozmendia, ez zuen bete-betean jo»; kolpeak hasieran txapak deformatu zituen, baina iltzeek eragin zuzena izan zuten sortu zen zuloa beharko lukeena baino handiagoa izateko. «Kalitate eskasekoak izanda, kremailera bat bezala zabaldu zen», Reyeroren esanetan.
Iltzeen kalitatea, erabakigarria
Baina nola liteke horren kalitate eskaseko iltzeak jartzen uztea? Pieza horiek ez zutelako behar adinako ikuskaritzarik jaso. Itsasontziaren beste hainbat atal Lloyd's Register ikuskaritza elkarte independenteak aztertu zituen, hala nola lema, aingurak, kateak, txopazutoina eta abar. Baina iltzeak ez, «eta horrek ondoren eragina izan zuen». Denak material onekoak izan balira, «Titanic agian hondoratu egingo zen, baina ziurrenik denbora luzeagoz egongo zen itsas gainean». Eta, ondorioz, salbamendu taldeak hondamendia gertatu aurretik iritsi ahal izango ziren.
Iltze horiek jartzeko erabakiak azken momentuan korrika eta presaka ibiltzearekin du zerikusia. Titanic-ek bi senide biki izan zituen: Olympic eta Britannic. Olympic ontzia Titanic baino lehenago inauguratu zuten, «nahiz eta fama guztia Titanic-ek eraman duen». Bi itsasontziak paretsu hasi ziren eraikitzen, baina Olympic-ek lehenago egin zituen lehen bidaia transatlantikoak. Horietako bidaia batean, Espainiako gudontzi batekin istripua izan zuen, «eta ontziolara eraman behar izan zuten konpontzera». Ondorioz, Titanic eraikitzen ari ziren hainbat langile Olympic konpontzeko lanetan jarri zituzten. Bi hilabeteko lanak izan ziren; beraz, Titanic-en lanak atzeratuta zihoazen. «Lanak azkartzeko, azkarrago jartzen ziren iltzeak jarri zituzten»; beraz, Olympic-en istripuak eragina izan zuen Titanic-en eraikuntzan eta ondorengo ezbeharrean.
Reyerok iltzeen kalitateari egotzi dio, beraz, Titanic-en gertatutako ezbeharraren erru nagusia. Baina, horrez gain, tankan itxiriko konpartimentuek eta itsasontziak istripuaren unean zeraman abiadurak ere izan zuten zeresanik. Kausa ugari izan zituen, «baina materialen garrantzia azpimarragarria da».
Iltzeengatik hondoratua
Jose Antonio Reyeroren ikerketa baten arabera, 'Titanic'-en ezbeharrean eragin zuzena izan zuen iltzeen kalitate eskasak. Liburu eta erakusketa batean azaldu ditu arrazoiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu