Maratila

In nomine patri

Ane Muñoz.
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Ostiral Santua iritsi da. Ene, prozesioen eguna. Ni neurez santuen oso laguna ez banaiz ere, aitortu behar dut nire modura eta ustekabean inork baino lehenago ospatu dudala aurtengoa.

Lagun batek aipatu zidan parrokiako koruak gaurko egunean urtero abesten dituenen artean badela bereziki bat, Ya murió izenekoa, benetan hunkigarria dena eta entzutea gomendatzen zidana. Ez berak eta ez nik ez genuen hainbeste atsegin, ordea, kantuak gaur bilduko den jendetzaren erdian galduta entzun behar izana. Horregatik, azken entsegua elizan bertan entzun ahal izateko aukera paregabea aprobetxatu nahi izan genuen.

Eta han joan ginen aspaldian zapaldu gabea nengoen Hondarribiko parrokia zaharberritu eder hartara. Koruaren azpiko bankuan isil-isilik jarrita, zera, Enrique Iglesias horteroak aspaldi zioen esperientzia erlijioso antzeko bat bizitzeko aukera izan genuen. Hura luxua erabat hutsik zegoen eraikin erraldoi hartan kontzertua guri eskainia balitz bezala gozatu ahal izatea.

Zerua, Kristo, Aintzak eta Errukiak entzuten nituen bitartean, zera imajinatzen ibili nintzen: erlijio katolikoaren egoitza mastodontiko hauei ze erabilera emango zaien etorkizunean. Museo bihurtuko al diren, kontzertuetarako areto edo, etxebizitzen arazoak direla medio, hamar solairuko etxeak eraikiko dituzten barruan.

Konturatu orduko, Ya murió-ren txanda iritsi zen, eta benetan zirraragarria izan zela aitortu behar dut. Hura doinua, haiek ahotsak, ene. Eskerrik asko hor goian zeundeten abesbatzako lagun eta organu joleari, eta bejondeizuela, ni banoa eta, aitaren, semearen eta izpirituaren izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.