Bederatzi urteko gurutze bidea zuten egina Leslie eta John Brownek: haurrak izan nahi eta ezin. Falopioren tronpak itxita zeuzkan Lesliek, eta haiek zabaltzeko jasandako ebakuntzek ez zuten arrakastarik izan. Baina halako batean, Robert Edwards eta Steptoe doktoreengana iritsi eta haiei esker, haurdun gelditu zen Leslie.
Haurdunaldiko azken asteetan hipertentsio arazoak izan zituen, eta fetuak motel hartu zuen pisua. Hala ere, 1978ko uztailaren 25ean, zesarea bidez, 2.700 gramoko pisuarekin eta osasuntsu jaio zen Louise Brown, in vitro ernaldutako lehen gizakia. 32 urte ditu gaur egun, eta modu naturalean ernaldutako 4 urteko semetxo bat.
Antzutasunak garai batean bazterketa soziala eta bizitza maila kaskarra ekar zitzakeela pentsatzea zaila egiten da gaur egun, baina hala gertatu zen mende askoan. Ugalketa arazoekin lotutako depresio, antsietate eta abarrak hurbilago zaizkigu, baita Edwards ekarpenaren tamainaz jabetzeko lagungarri ere. In vitro ernalkuntzak eta handik eratorritako ugalketa teknikek milioika lagunengan izan dute eragina 32 urteotan. Munduko bikoteen %10ek dituzte ugalketa arazoak.
Lagundutako ernalketa bideei esker, lau milioi jaiotzatik gora izan dira. Munduko hainbat herrialdetan jaioberri guztien %2-3 jaiotzen dira in vitro ernalkuntzari esker. Eta haur horien guztien aitatzat jo izan dute berripaperetako tituluek Robert Edwards biologoa, aurtengo Medikuntzako eta Fisiologiako Nobel sariduna.
Robert Geoffrey Edwards (Manchester, 1925) Cambridge Unibertsitateko irakasle emeritua da gaur egun. Osasunez kaskar dabil eta ezin izan dio Stockholmdik saridunari egiten zaion ohiko telefono deiari erantzun, baina albistea pozez hartu duela azaldu du haren emazteak. Besteak beste, Louise Brownek berak ere zoriondu du zientzialaria.
Lagundutako ernalketa prozesuen gorabehera nagusiak gutxi-asko ezagunak dira egun, baina Edwardsek hainbat oztopo gainditu behar izan zituen Louise Brown beso artean izan arte.
Mugarriz mugarri
50eko urteen amaieran jarri zuten Edwards giza antzutasunari konponbideak topatzeko lanean, Erresuma Batuko Medikuntza Ikerketarako Institutuan. Ordurako, animalien ugalketaren fisiologia ikertzen aritutakoa zen biologoa, eta, beraz, lanari ekiteko prest zegoen. Garai hartan, untxien obuluak saio hodietan esperma gehituta ernaldu egiten zirela ikusi zen eta bide horretatik abiatu zen Edwards giza ernalkuntza ikertzeko. Baina untxi eta gizaki arrautzen bizitza zikloa erabat ezberdina zen. Obario ehunetatik ateratako oozitoekin hasi zen lanean (heldu gabe dauden eta, beraz, ernaltzeko prest ez dauden obuluekin), haien heldutasunerako baldintzak identifikatzen.
Urteak egin zituen oozito loti haiek aktibatzeko baldintzak ikertzen. 1965ean konturatu zen, ordurako dogmaren aurka, in vitro heltzeko prozesua abiatu aurretik oozitoek 24 orduko inkubazioa behar zutela. Metodo horrekin, gainera, ernalkuntzarako behar besteko heldutasun maila lortu zuen oozitoetan. Aldi berean, Edwardsen ikasle batek hamster espermaren aktibazioari in vitro eusteko baldintzak identifikatu berri zituen, eta Edwardsek hori giza esperman aplikatu zuen. Hala, oozito helduen in vitro ernalkuntza lortu zuen 1969an.
Baina ernaldutako oozito haiek ez ziren bi zelulako etapa gainditzeko gai. Beharbada, gorputzetik kanpo denbora gehiegi pasatzen zutelako. Horiek horrela, ernalketarako eta enbrioi garapenerako baliagarriak izango baziren, oozitoek gorputzean (in vivo) heldu behar zutela eta haiek obariotik obulazioa hasi aurretik atera behar zirela hobetsi zuen Edwardsek. Nola, ordea?
Ugaztun emeek milioika oozito izaten dituzte obarioan, baina horietatik gutxi batzuk baino ez dira heltzen. Oozitoen heldutasun meiotikoa kanpotik hornitutako hormona jakin batzuekin (gonadotrofina) kontrola zitekeela aurretik ondorioztatua zuen Edwardsek, saguekin egindako lanbatean. Baina nola lortu oozitoak heldutasun fase egokian ateratzea, obulazioa (uterorako migrazioa) hasi aurretik?
Patrick Steptoe ginekologoa (1913-1988) izan zuen lagun horretan, laparoskopiaren aitzindarietako bat. Gernuko hormonek salatzen zieten obulazio aurreko oozito helduak gorputzetik laparoskopia bidez ateratzeko une egokia. Haiek eta esperma in vitro batuz, zortzi zelulako etapako giza enbrioiak lortu zituzten. 1970a zen. Hurrengo urtean hamasei zelulako etapako enbrioiak lortu zituzten.
In vitro ernaldutako enbrioiak atzera emakumeetan ezartzen hasi ziren. Ehundik gora izango ziren saioak, baina haurdunaldi guztiak berehala galdu ziren. Oozitoen heldutasuna bultzatzeko hormonek enbrioiaren ezarpenari kalte egiten ziotela ondorioztatu zuten zientzialariek, eta hormona haiek erabiltzea baztertu, oozito kopurua hileroko zikloak zekartzanetara mugatuz. Eta horrela jaio zen Louise Brown.
'In vitro' ernalkuntzari esker
Gerora, ultrasoinu xiringek laparoskopia ordezkatu zuten; intseminazioa, enbrioien kriopreserbazioa... in vitro heldutako oozitoen ernalketa arrakastatsua ere iritsi zen, eta hormona estimulazioa ezin jasan edota minbiziaren aurkako tratamenduengatik euren oozito erreserba galtzeko arriskua zuten emakumeei haurrak izateko aukerak zabaldu.
Antzutasun arazoak dituzten hainbat gizonezkori ere aukerak zabaldu dizkiete esperma bakarrarekin ernalkuntza laguntzen duten injekzioek. In vitro ernalkuntzan landutako metodoak, gainera, lagungarri izan dira gaitz genetiko jakinen arriskua murrizteko erabiltzen den ezarri-aurreko diagnostiko genetikoan ere.
'In vitro' ernalkuntzaren aitarentzat Nobel saria
Aurtengo Medikuntzako Nobel saria Robert Edwards britainiarrari eman dio Karolinska institutuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu