Segundoko hamar gigako konexioa hamargarren Gipuzkoa Encounterrerako. Abiada bizian hasi da Tolosako Usabal kiroldegian (Gipuzkoa) antolatutako informatikazaleen jaialdia. 600 lagunek gozatuko dute informatikak eta teknologia berriek emaniko aukerez, gaur hasi eta igandera arte.
Euskal Herri osoko eta atzerriko informatikazaleek eman dute izena. Ondorioz, ordenagailuz bete dute kiroldegiko kirol pistetako bat. Parte hartzaile gehienek asteburua bideo jokoetara aritzeko baliatuko dute, baina eskaintza ez da horretara mugatuko, eta hainbat ekintza prestatu dituzte: arte digitala, programazioa, software librea, kirol probak, lehiaketak... Horrez gain, hitzaldiak eta tailerrak antolatu dituzte Opengunean, herritar guztientzat.