Tele5ko arduradunentzat, etekin ekonomikoek dute lehentasuna. Eta azken hiru urtean 40 milioi euroren zorrak bildu dituen kate batek ezinezkoa zuen segitzea. Astearte gauerdian amaitu zituen emanaldiak CNN+ kateak. Kazetariaren agurraren eta bideo labur baten ostean, Gran Hermano saioaren sintonia iritsi zen. Gaur CNN+ sintonizatua zuen ikusleak, leku berean, Gran Hermano 12-ri egunean 24 orduz eskainitako katea topatuko du. Telebista eredu batetik besterako jauzia, Tele5k eta Cuatrok bat egitearen ondorio bortitza.
«CNN+ kateak inoiz ez zuen aurkitu bideragarritasun ekonomikoa», argudiatu dute Prisako arduradunek. Katea ixteak, era berean, bat egin du Prisak AEBetako CNN katearekin zuen kontratuaren amaierarekin; hain justu, bihar bukatuko da kontratua. CNNren jabe Turner enpresak ohar batean adierazi du errespetatzen duela erabaki hori, baina sentitzen duela Espainiako katea itxi behar izana. «Turnerrek bere konpromisoari eusten dio Espainiako ikusleei kalitatezko informazioa helarazteko bide bila, telebistan zein hedabide digitaletan». Argitu dute CNN Internacionalek Espainian emititzen jarraituko duela, ingelesez.
CNN+ 1999. urtean sortu zen. Lehen urteetan, Sogecableren ordainpeko plataformaren eskaintzan zegoen. 2008an, seinale irekian ematen hasi ziren, LTDaren bidez. «Ideia on bat izan zen, eta kazetaritza egiteko modu orekatu bat erakutsi zuen. Halako gutxi egiten da, eta itxita komunikazioak galdu egiten du», adierazi du katearen sortzaileetako batek, Francisco Basterrak.
Irekian emititzen hasi zenean, publizitate irabazien menpe jarri zen. 2008an %0,2ko ikusle kuota baino ez zuen, eta 2009an %0,3koa. 2010ean aldaketa handiak egin dituzte programazioan: Iñaki Gabilondok gaueko Hoy saioa gidatu du, eta ikusle kuota %0,3tik %0,6ra igo da. Baina Prisa TVko arduradunen arabera, horrek ez du eragotzi galera ekonomiko handiak izatea. Erdiko epera errentagarritasun zantzurik ere ez zuten ikusten, eta Tele5ren jabeen filosofiak aurrera egiteko aukerarik gabe utzi du CNN+.
Itxi ostean, Prisa TVkadierazi du informazio kanal bat sortzeko asmoa duela. Kate berria Digital+ ordainpeko plataforman eta Internet bidez zabalduko lukete, gaztelaniaz eta portugesez. El Pais TV izena jarri nahi diotela argitaratu du Vertele.com webguneak.
Orain arte CNN+ eta Cuatrorentzat AEBetan berriemaile lanak betetzen zituenak, Carlos de Cegak, Prisa TVko komunikazio zuzendari lanak beteko ditu. Prisak, halaber, bere telebisten egoitza saldu dio AEBetako funts bati, 80 milioi euroren truke.
Kontrako erreakzioak
CNN+ kateko kazetari batzuk, itxi ostean, Atlas agentziaren menpera pasatu dira, Juan Pedro Valentinen esanetara, baina beste batzuk kalean geldituko dira. Aurki Tele5k berregituraketa bat egingo du, gainera.
Egoera hori ikusirik, langileek astearte iluntzean elkarretaratzea egin zuten Prisaren egoitza aurrean, Madrilgo Gran Vian. Kultura munduko hainbat pertsonaren babesa jaso dute langileek, eta ixtearen aurkako manifestu bat aurkeztu zuten joan den astean. Sinatzaileen artean daude Pilar Bardem, Juan Diego Botto, Andreu Buenafuente eta Maruja Torres. «Langileok ordaindu dugu Prisaren kudeaketa txarra. Finantza marrazo bihurtuta, sortu zeneko kazetaritza bokazioa ahaztu du Prisak», diote manifestuan.
Espainiako Kazetarien Elkarteko Federazioak ere komunikatu bat eman du argitara, CNN+ katearen galera sentitzen duela adieraziz: «Gizartea babesik gabe gelditzen da boterearen aurrean, eta demokrazia ahuldu egiten da».
Informazioa ez da errenta
Tele5-Cuatroren bat-egitea (eta III): CNN+ katearen itxieraAzken hiru urtean 40 milioi euroren zorrak bildu ditu CNN+ kateak. Itxi ostean, haren lekuan Gran Hermano katea jarri du Tele5k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu