Ane Zabala. Hamaika telebistako kazetaria eta aktorea

«Inguruan ditugun gauza txikiak estimatzen erakutsi nahi diegu gazteei»

'Leku txiki bat' haurrentzako programa estreinatu berri du 'Lulu' pertsonaiaren paperean. 'Elmer' lagunak eta biek bidaia bat proposatzen dute astelehenetik ostegunera, 20:30ean

Maite Alustiza.
Donostia
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Ane Zabala (Bilbo, 1975) kazetaria eta aktorea da. Hamaika telebistan kazetari bezala lan egiteaz gain, programazio arduraduna ere bada. Antzerkian ere ibiltzen da tarteka. Orain, Lulu pertsonaiaren paperean dator, Galder Perezekin (Elmer) batera. Leku txiki bat haur eta gazteentzako saioan bidaiatzeko aukera eskaintzen diete ikusleei. Astelehenetik ostegunera ikus daiteke, 20:30etik aurrera.

Zer moduz doaz emankizunak?

Pozik gaude orain artekoarekin, gustura. Emandako saioak ikusita haur eta gazteek esaten digute gustuko dutela, eta gauza berriak prestatzen goaz pixkanaka.

Lulu eta Elmer; nolakoak dira?

Antzerkitik datozen pertsonaiak dira. Orain, telebistara moldatu behar izan dute euren burua. Antzerkian hara eta hona ibil zaitezke, baina telebistako kamera aurrean espazioak errespetatu behar dira. Pertsonaia horien bitartez inguruan ditugun gauza txikiak, logelan ditugunak, estimatzen erakutsi nahi diegu gazteei.

Gai ezberdinak lantzen dituzue.

Bidaia bat egitera eramaten gaituzte Lulu eta Elmerrek saio bakoitzean. Ilargira, bertsolaritzara, New Yorkera edo Zugarramurdira. Gerraren gaia ere landuko dugu, haur eta gazteek horren inguruan ere jakin behar dute. Errazagoa da, esaterako, ilargira bidaiaegitea, baina gerra zer den ere ezagutu behar dute. Haurrentzako ez ezik, helduentzako saioa ere izan daiteke Leku txiki bat.

Eskola eta ikastetxeek nolaparte har dezakete?

Momentuz, Bizkaiko ikastetxeei bidali diegu parte hartzeko gonbitea. Talde bakoitzak bere saioa prestatzen du, eta ondoren irakasleekin harremanetan jartzen gara. Haur eta gazte askok parte hartu dute dagoeneko; albistegi laburrak, antzerkiak...egin dituzte.

Zerk ezberdintzen du Leku txiki bat, gainerako kateen eskaintzatik?

Sormena lantzen duen eskaintza da gurea; guk sortua, bertakoa eta euskaraz egindakoa.

Programazio arduradun bezala, nola ikusten duzu haurrentzako eskaintza, oro har?

Uste dut tarte gehiago eskaini beharko litzaiokeela haurrentzako programazioari.Telebista kate tematiko asko daude orain; eskaintza oso zabala da. Baina, ikusten dudanaren arabera gehienek ez dituzte sormena eskatzen dutenprogramak egiten; marrazkiak eta telesailak ematen dituzte, bata bestearen atzean. Ez dakit beraientzat hori ote den eskaintza.

Hamaika telebista bezalako kate txiki batean, zaila al da horrelako saio bat aurrera ateratzea?

Egia da kate txiki bat garela, eta zaila dela. Anekdota bat gehiago da hau, baina pixkana-pixkana bagoaz. Hasiera batean ordu erdiko saioa eskaintzen ari gara, baina ordubetekoa izatea gustatuko litzaiguke, ahal izanez gero.

Jende askok parte hartzen al du programa egiterakoan?

Leku txiki bat-eko lantaldean ni bakarrik naiz Hamaika telebistako langilea. Gainerakoak kolaboratzaileak dira; Galder (Elmer), zientzia mundura hurbiltzen gaituzten pertsonaiak, ipuin kontalariak...Horiekin eta eskola eta ikastetxeetako parte hartzearekin aurrera ateratzen dugun zerbait da, kolaborazioari esker egiten den programa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.