«Animaliak ikustera ohituta daude haurrak, eta ez dira batere izutu»
Jon Pellejero
Leitza
«Uharte Arakilgo eskolatik etorri gara (Nafarroa), hango haurrekin. Lehenengoz etorri dira, eta asko gustatu zaie inauteria. Herrietan bizi dira gehienak, eta ez dira batere izutu, ohituta daude animaliak ikustera».
«Inauteria ezagutzenez duten lagunak ekartzen ditut urtero»
Maite Oilarburu
Uztaritze
«Maite dut hemengo giroa. Inauteriak ezagutzen ez dituzten lagunak ekartzen ditut urtero. Aurten, hogei bat etorri gara. Gure eskualdean bertze usaiak ditugu, eta on da bertzeetan zer egiten duten ikustea».
«Mozorroek bezala, nik ere banuen motozerra, baina hautsi egin zen»
Ander Telletxea
Ituren
«Joareak asko gustatzen zaizkit. Jotzeko. Jo ditut plazan, hemen, han... Niri mozorroek ez didate beldurrik ematen. Motozerrarekin ari dira, eta nik banuen motozerra bat, haiek bezala, baina hautsi egin zen».
«Tranpa egin dute Zubietako joaldunek;ez dira oinez etorri»
Imanol Galarraga
Hondarribia
«Aspaldiko partez etorri naiz, eta asko gustatu zait, baina Zubietakoek tranpa egin dute. Itureneraino oinez eta joareak joz etorriko zirela uste nuen, baina traktorera igo, eta nik bakarrik egin dut bide osoa oinez».