Ezarian. Euskal Herriko mapak

Inongo lur neurtzaileak

Euskal Herriko 120 mapa baino gehiago bildu ditu Jose Mari Esparza idazleak liburu batean. XII. mendekoa da lehena, eta 1992koa, berriz, azkenekoa.

Konkistaren dema. 1512an konkistatu zuen Gaztelak Nafarroako Erresuma, baina 1642koa da mapa hau, eta bertan erresumak eutsi egiten die oraindik bere mugei. Frantziarrek egindakoa da, eta Espainiaren eta Frantziaren arteko mugak ageri ditu. Nafarroan kokatzen ditu mugarriak mapak, eta ikusten denez konkistaz geroztik mende bete baino gehiago pasa arren, frantziarrek oraindik ere aitortu egiten zuten Nafarroako Erresumaren lurraldetasuna. Betiere, beren orbitaren barnean. 'MAPAS PARA UN NACION'. / BESTEAK.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Egia da. Inongo lur neurtzaileak existitzen ez den herrialde baten kartografoak gara». Joseba Sarrionandiari lapurtu dizkio hitzak Jose Mari Esparza idazleak bere azken liburuaren nondik norakoa azaltzeko. «Nazkatu egin naiz azkenerako Euskal Herria existitzen ez dela diotenez eta sekula existitu ez dela diotenez. Kartografo ez ginenok kartografo bihurtu behar izan dugu, aurrez bazela bagenekien irudi bat irudikatzeko». Artxiboz artxibo ibili da Euskal Herriari buruzko mapak biltzen, eta Mapas para una nación liburua argitaratu du orain Txalaparta argitaletxearekin (Nazio batentzako mapak). Euskal Herria berriz ere mapan jartzea izan da haren asmoa, eta 120 mapa baino gehiago jaso ditu horretarako, XII. mendean hasi, eta 1992ra artekoak.

Will Durant historialariaren hitzak hautatu ditu Esparzak liburuari hasiera emateko: «Begiratu ditzagun mapak; mapek, aurpegiek bezala, historiaren sinadura daramatelako». Hori da liburuan proposatzen duen ibilbidea. Mapen kartografia moduko bat egin du. Izan du non aukeratua, Juan Madariaga historialariak azaltzen duenez. «Modu sistematikoan izan gara euskaldunok mapatuak, 21 mende luzeetan. Eta azken ehun urteetako salbuespenak salbuespen, Baskoniari buruz egin den kartografiaren zatirik handiena herriarenak ez diren erakundeek agindu zuten. Oro har kalterako xedeekin». Artxibo militarretan aurkitu ditu Esparzak, adibidez, Euskal Herriari buruzko mapa asko eta asko.

Izan ere, mapak ez dira inuzenteak, Madariagak azaldu duenez. «Mapak ez ziren espazioan gidatzeko tresna xaloak, inolako asmorik gabeko tresna zientifiko estimagarri, duin eta zuzenak, baizik eta indartsuen mesedetan eginiko manipulazio interesatuak». Erakusteko beste daukate ezkutatzeko. «Mapak ez dira errealitatearen erreprodukzio bat, irudikapen bat baizik. Ideologizatuta daude beti lurraldeez egiten diren irudikatze horiek». Euskal Herrikoa ez da salbuespena, baina Madariagak eta Esparzak diotenez, nahikoa kontzeptu sustraitua izan da historian Euskal Herriarena. Hamaika klasetako idazle, historialari eta pentsalarik onartutakoa.

Historia berreskuratzea

Esparzak dioenez, 2000. urtean hasi zen hori aldatzen Nafarroan. «Euskal Herria ez dela sekula existitu, entelekia bat dela eta ameskeria bat baino ez dela entzuten hasi behar izan genuen orduan». Abertzaletasunarekin lotu nahi izan zuten Euskal Herriaren ideia, Esparzaren hitzetan. Sabino Aranak asmatutako gezur bat baino ez zela esatera heldu zirela gogoratzen du. «Gauetik goizera, ukatu egin nahi zuten kontzeptu horrek urteetan izan zuen pisua. Duela gutxira arte edozein gisako politikok onartzen zuen errealitate hori. Alde batetik, Euskal Herria bazegoela, eta, bestetik, hiru gune administratibo egon direla. 2000. urtetik aurrera, eskola liburuak kentzen hasi ziren, eguraldiko mapak aldatzen... Euskaltzaindia izan zen 2003an Euskal Herria kontzeptuaren alde hitz egin zuen erakunde garrantzitsu bakarra».

Kontzeptuaren historia berreskuratzea izan da haren asmoa. Dioenez, azkenaldiko joera bat baino ez da Euskal Herria kontzeptuaren aurkakotasun hori. Aizpundarrak jartzen ditu urte gutxian eman den aldaketa hori azaltzeko adibide gisa. 1932an esandakoak dira Rafael Aizpunen hitzok: «Nafarroako bere ahizpekin izan behar du euskal estatutuko kide». 1978koak dira, berriz, UPN alderdiaren sortzaile eta Rafaelen seme Jesus Aizpunen hitzok: «Nafarroak ez du euskaldunekin zer ikusiri, ez historikoki, eta ezta linguistikoki ere».

«Halakoei erantzuteko idatzi dut liburua», aitortu du Esparzak. «Bakoitzak defenda dezala nahi duen eredu autonomikoa, baina ez dezatela esan historikoki errotutako kontzeptu bat asmakeria hutsa denik». Dokumentuak ditu alde. 1564koa da Euskal Herria kontzeptuaren lehen agerpen idatzia. 1571n Lizarragaren bibliakoa jotzen zen lehen agerralditzat, baina 2003an Joan Perez Lazarragaren testuan aurkitu zuten «euskal erria» hitza. 1564koa da dokumentu hori, eta, oraingoz, baita aurkitu den lekukotzarik zaharrena ere. «Idatzizko kartografia» deitzen ditu halakoak Esparzak, idatziz bada ere, Euskal Herria zer den zehazten dutelako. Eta haien bilduma ere egin du liburuan.

Helburu militarra

II. mendean ageri da lehenengoz «Vasconia» hitza mapa batean, Ptolomeok egindakoan, eta XII. Mendean Saint Sever monasterioan aurkitutakoan ere ageri da «wasconia». Orduan mundutzat hartzen zuten hartan bere leku propio eta guzti. XVII. mendean hasten dira, halere, Euskal Herriari buruzko lehen mapa zehatzak agertzen. Hego Euskal Herrikoak, gehienbat, baina bada zazpi lurraldeak hartzen dituenik ere. Kartografoek ez dute beti izen bera erabiltzen, halere. Nafarroako Erresumaren irudia egin zuten zenbait kartografok, eta Bizkaia deitu zuten beste batzuek Euskal Herria. Miguel Cervantes idazleak ere hala aipatzen zuen, esaterako.

XIX. mendean lehertu zen, halere, Euskal Herriari buruzko kartografia. 100 urte horietan 50 mapa zenbatu ditu Esparzak. «Bi urtean behin mapa bat egiten zela esan nahi du horrek. Egun, Europan sortu diren hainbat herrialdek ere ez dute halako kopururik». Izan ere, gune tirabiratsua izan zen Euskal Herrikoa garai hartan. Bertan izandako gerren zerrenda egiten du Madariagak: Konbentzio gerra, Espainia eta Frantziaren arteko gerra eta Karlistaldiak. «Egun ere egiten diren mapen %90 arrazoi militarrengatik egiten dira, eta sekretuak izaten dira gehienak».

Bildutako mapa guztien irudiak dituen CD bat ere gehitu dute liburuan, eta bihar hitzaldia emango du Esparzak Iruñeko Karmen kaleko Arrano elkartean, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.