Inprobisazioa eta euskal folka

Joseba Irazoki, Bizardunak eta DJen emanaldiak izango dira gaur gauean Pasaian, San Pedro jaietan

Bizardunak taldeak Pasaian joko du gaur. RAUL BOGAJO /ARGAZKI PRESSS.
Erredakzioa
2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Musika egitarau zabala prestatu dute asteburuan Pasaian (Gipuzkoa), San Pedro jaiak direla eta. Gaur Joseba Irazokik eta Bizardunak taldeak kontzertua emango dute; ondoren, Javi P3z eta Kurando Rootseeker DJek girotuko dute herria. Portu inguruan izango dira kontzertuak, eta lehenik Irazokik joko du, afalostean. Bizardunak taldearen txanda, berriz, gauerdi aldera helduko da.

Doinu, musika estilo eta soinu tresna ugari eramango ditu Joseba Irazokik oholtza gainera. Kitarra eta bonboa jotzen ditu, baita hamabi sokako gitarra berezia ere. Inprobisazioaren bidez, doinu moteletatik azkarretara jauzi egiteko abilezia du.

Bizardunak taldea Iruñetik helduko da irlandar folkaren kutsua duen musika jotzeko. The Pogues eta The Dubliners taldeen estiloetatik edaten dute, eta rocka eta zarata alboan utzi dituzte, bestelako musika tresna batzuk hartzeko: akordeoia, gitarra akustikoak eta mandolinak, esaterako. «Euskal folk erradikala» jorratzen dutela diote, baina hori ez da taldearen etiketa soil bat, euren izaeraren parte baizik. Euskaraz nahiz gaztelaniaz abesten dute, eta En Zugzwang taldearen azken diskoa (Gor, 2010) aurkeztuko dute gaurko kontzertuan. El Apocalipsis según San Marx eta Eguzkiaren atzekaldean entzun ahal izango dira, besteak beste.

JOSEBA IRAZOKI ETA BIZARDUNAK

Noiz. Gaur, 22:00etan.

Non. Pasai San Pedron (Gipuzkoa), portuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.