Aloña Braceras (Hernani, Gipuzkoa, 1978) Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeko bozeramailea da. Bihar Mundu zabala, errealitate anitz izenburua duen sentsibilizazio jardunaldia egingo dute, bederatzigarrenez. Donostiako Gipuzkoa plazan izango da, 11:00etan.
Hara biltzen direnek tailerrak, jolas kooperatiboak, ipuin kontalariak, erakusketak, informazio mahaiak eta bidezko merkataritzarekin lotutako beste zenbait ekintza aurkituko ditu. Jardunaldiak gobernuz kanpoko erakundeen jarduna eta hegoaldeko herrialdeen egoera ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea du helburu.
Zer aurkituko du bihar Gipuzkoa plazara joaten denak?
11:00etatik 14:00etara izango da jaia, eta, tarte horretarako, hainbat ekintza antolatu ditugu. Alde batetik, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen lana erakusten duten bost gune iraunkor izango dira: garapenerako lankidetza, garapenerako hezkuntza, sentsibilizazio kanpaina eta ekonomia solidarioari eskainitakoak izango dira lau, eta, horrez gain,koordinakundea zer den eta zer lan egiten duen azalduko duena. Bestetik, ipuin kontalariak, jolas kooperatiboak... Egitarauan Boliviako dantzak izango direla jartzen du, baina aldaketa bat egon da, eta Afrikako musika eta perkusioa izango ditugu.
Bederatzigarren urtea duzue hau; jendeak erantzuten duela dirudi, ezta?
Bai. Bederatzigarren urtea da, eta, hori hala izanik, ezaguna zaie jardunaldia. Hala, guregana etorri eta egiten dugunaz galdetzen digute. Elkarrekintza hainbat mailatan izaten da: ezer ezagutzen ez duen jendea dago, kaletik doala bat-batean hor ikusten gaituena, eta aurretik gaiaren inguruan jakin-mina duena. Beraz, horren arabera, era askotako elkarrizketak izaten dira.
Krisiak aldatu du jendearen jarrera?
Jendearen parte hartzea ere ezberdina izaten da. Batetik, ekintzetan parte hartzen duen jendea edo boluntario gisa lan egiten duena dago; alor honetan ez zait iruditu beherakadarik egon denik. Bestetik, parte hartze ekonomikoa dago. Krisi garaian normala da beherantzako joera hori egotea. Alor honetan ere ez zait iruditzen beherakada handia izan denik. Nire ustez, instituzioen aldetik jasotzen dugun erantzuna da txarra, eta ez jendearen aldetik jasotzen duguna.
Zein da zuen lana aurrera eramateko nabaritzen duzuen zailtasunik handiena?
Gaur egun gobernuz kanpoko erakundeek aurre egiteko erronka pila bat dituzte oraindik, nire ustez. Adibidez, bihar izango ditugun gune iraunkor horietako bakoitzak bere erronka propioak dituela esan daiteke. Beraz, zaila da erantzun labur eta jakin bat ematea.
Mundu zabala, errealitate anitz jardunaldia beste lurraldeetara zabalduko duzue?
Oraingoz, Gipuzkoan bakarrik egiten da. Nik dakidala ez dago halako ekimenik beste lurraldeetan.
Aloña Braceras. Garapenerako GKEetako eleduna
«Instituzioen aldetik jasotzen dugun erantzuna da txarra, eta ez jendearena»
Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak sentsibilizazio jardunaldia egingo du gaur Donostian, 'Mundu zabala, errealitate anitz' izenburupean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu