INTERNET . Argiak eta itzalak telebista kateen webguneetan

Gorka Palazio EHUko irakasleak telebista webguneen arkitektura eta erabilera aztertu ditu

urtzi urkizu
DONOSTIA
2003ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Telebista kate gehienek azkeneko urteetan teknologia berrietan jarriak dituzte begiak. Internetek hartu duen garrantziaz jabeturik, gero eta webgune osatuagoak egiten dituzte, baina badituzte hainbat gabezia ere. Gorka Palazio EHUko irakasleak hainbat kateren webguneen azterketa egin du, eta hainbat ondorio atera ditu.

Lau telebista webguneren erabilkortasuna eta informazioaren arkitektura aztertu ditu Palaziok; erabilkortasunari dagokionez, produktuak erabiltzaileen helburuak zenbateraino asetzen dituen aztertu du. Informazioaren arkitekturan, berriz, diseinua, antolakuntza, nabegazioa eta bilaketa sistemak. Aztertutako telebista webguneak RTVE, Televisio de Catalunya, EITB eta Antena3 Television kateenak izan ziren. «Lau webgune horiek web arkitekturan egiten ari dena erakusten dute, teknologia digitalerako jauziaren prozesuan», dio Palaziok. Kontuan hartu behar da banda zabalera erabat hedatzeko asko falta dela, eta ikus-entzunezkoen oraintsu sartu direla sarean.

Kataluniako TV3ren guneak jaso du balorazio onena

Azterketaren datuek azaltzen dutenez, edukien alorrean Kataluniako TV3ko webgunea da osatuena. Bigarren lekuan Antena3koa dago, hirugarren tokian RTVEkoa eta laugarrena EITBkoa. Nahiz eta edukien alorrean EITBko gunea azkena izan, informazio-arkitekturan eta erabilkortasunean gailendu egiten zaie beste hirurei. Ondoren TV3koa egongo litzateke, hirugarrenik Antena3koa eta azkena Espainiako telebista publiko-koa.

Ebaluazio orokorra egiterakoan, puntuaziorik onena TV3ko webguneak lortuko luke (5,88 puntu). Antena3 bigarrena da (5, 50), hirugarrena EITB (4,88) eta azkena RTVE (2,75). Erabiltzaileen testak eta test heuristikoak eginez atera ditu EHUko irakasleak emaitza horiek.

«Aipagarriak diren gauzen artean, bestalde, oso garrantzitsutzat jo daiteke EITBren guneak ez diola erabiltzaileari bilatzeko aukerarik ematen. Eta hori gertatzen da CMS (Content Management System) edo Edukiak Kudeatzeko Sistema onik erabiltzen ez duelako», dio Palaziok. «Aukera hori ezinbestekoa da erabilkortasuna ongi finkatzeko, eta ez-profesionalak diren hainbat web-garatzailek dagoeneko badute beren guneetan».Teknologikoki Kataluniako Telebista Publikoaren gunea da onena. «Baina, sarri gertatzen den bezala, baliogutxikoa da koderik onena edukitzea baldin eta koktelerako osagai guztiak lortzen ez badira. Eta elkar-eragina dagoen unetik beretik, ezinbestekoa da gauzak eskuragarri jartzea, erabiltzaileek esperientzia positiboak eduki ditzaten nabigatzen dutenean», dio EHUko irakasleak.

A3, RTVE eta EITBren nabigatzaile zaharkituak

Bestalde, nabigatzaileen konpatibilitate azterketa nahiko gaizki pasatzen du Antena3 kate pribatuko guneak (nahiz eta garai batean sari bat jaso zuen). «Bistakoa da ASP eta DHTML teknologiek antzina edukitako morroitzaren seme direla EITB eta Antena3ren guneak, web arkitekturan bizkorragoak eta hainbeste arazo ematen ez duten teknologiak gaur egun non-nahi ikusi arren». Espainiako Telebista Publikoaren webgunearen gabeziak ere agerian uzten ditu azterketak. Ikuspegi orokorretan, TVEko webgunea da eskasena edukien kalitatean, koloreetan, eskainitako zerbitzuetan eta nabigatzeko erraztasunean. Sarearen zabalkuntza ikusita, litekeena da webgune horiek berritzen joatea datozen hilabeteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.